Iparraldeko Orkestrak emanaldia egingo du lehenengoz Errenteria-Oreretan
Lekuonan izango da kontzertua, 19:00etan hasita; azken gonbidapen batzuk daude eskuragarri.
Lehen aldiz egingo du emanaldia Errenteria-Oreretan Iparraldeko Orkestrak. Lekuona Fabrikan izango da, gaur, 19:00etan hasita. Oraindik sarrera batzuk eskuragarri dira. Horretarako egin klik hemen.
Sustraiak Baionan dituen orkestrak goi mailako ikuskizuna eskainiko du gaur bi zatitan banatutako emanaldian: Mozarten Figaroren gauen obertura eta Bizeten Sinfonia Do maiorren doinuekin osatuko du lehen zatia, eta Beethoven en Pastoral sinfoniarekin biribilduko dute gaurko hitzordu berezia.
Iparraldeko Orkestrak 1974an hasi zuen bidea Baiona-Euskal Kotsaldea izenarekin. 2017an Euskal ELkargoaren sorrerarekin batera bereganatu zuen egun duen izena. Zuzendari, Benoit Fromanger ariko da, orain gutxi arte Turkiako Samsungo Orkestra eta Nazioarteko Balleteko, eta Bukaresteko Orkestra Sinfonikoko zuzendari izan denak.
Herri Arte Eskolaren bitartekaritzari esker, bigarren hitzordu bat lotu dute. Metal Boskoteak emanaldia eskainiko du apirilaren 15ean, 19:00etan Niessen auditorioan. Egun osoko jarduna egingo du boskoteak, goizez herriko ikastetxeetako ikasleei kontzertu didaktikoa eskainiko baitie, eta arratsaldez Herri Arte Eskolako ikasleei instrumentu horien gaineko hainbat master class. Saio pedagogikoa ere egingo dute 7 urteko ikasleekin. Eguna biribiltzeko kontzertua eskainiko dute, irekia.
Lapurdiko hiriburuarekin egindako harremanak, hainbat ate zabaldu dituela jarri du nabarmen Herri Arte Eskolak. Hala, Herri Arte Eskolak eta Baionako Kontserbatorioak hainbat iniziatiba pedagogiko abiatu dituzte elkartrukean.