Iñurrien bertso musikatuak, Landetxen
Hilaren 24an 'Tabuen kutxatik oholtzara' elkartasun bertso musikatu saioa egingo dute. Iñurri elkarteak antolatu du saioa, Oiartzungo Udalaren babespean.
Iñurri minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen elkartea da. Asko dira egiten dituzten jarduerak. Horien artean, kulturari lotutako sentsibilizazio saioak. Oiartzunek jasoko du horietako bat, hilaren 24an: Tabuen kutxatik oholtzara elkartasun bertso musikatu saioa egingo dute Landetxen (18:00). Iñurrik antolatu du saioa, Oiartzungo Udalaren babespean. Bilduko den dirua elkartearentzat izango da. Hala azaldu du elkarteak haien izenaren zergatia: “Gure kide baten amak inurriak zeramatzan orkatilan tatuatuta. Minbizi prozesu luze baten ostean hil zen, eta orduan hasi zen alaba iñurri bilakatzen. Denborarekin, intsektu txiki eta nekaezin gehiago batu zitzaizkion taldera. Eta gehiago, eta gehiago, eta gehiago. Gaur arte. Zuk ere sentitzen al dituzu kilimak oinazpietan? Ongi etorri gure iñurritegira!”
Hilaren 24koan (larunbata da) Miren Amuriza, Alaia Martin, Ane Labaka eta Oihana Bartra izango dira bertsolariak, eta Amaia Agirrek emandako gaiei jarraiki sortuko dituzte bertsoak. Musikariak, berriz, Gari Otamendi eta Ixak Arruti.
Sarrerak 8 euroan daude salgai. Bi era daude horiek erosteko: Oiartzungo Udalaren sarrerak lortzeko plataformatik, edo egunean bertan (sarrerarik geldituko balitz) Landetxen.
Iñurri elkartekoen arabera, minbiziaren atzean “orokorrean uste dena baino mundu zabalagoa” dago, “eta hori ikusarazi nahi dugu, gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsiz, mamuak zokoratuz eta tabu diren gaiak azaleratuz. Minbiziari besarkada potolo bat eman nahiko genioke. Bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko ekarpen xume bat egin nahi genuke, gure esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratuz; bide batez esanda urteetan ukatu zaion presentzia eta espazioa eskainiz, eta sortzen dituen emozioak azaleraziz; batzuetan serio, bestetan umorez, minbizitik biziminera”.