Eskolarteko XXXV. Mendi Lehiaketa, Oiartzunen
Oarsoaldeko, Bidasoko eta Donostialdeko eskolarteko ibilbide neurtua martxoaren 3an jasoko du herriak, bi ibilbiderekin.
Gipuzkoako Mendizale Federazioak Eskolarteko XXXV. Mendi Lehiaketa antolatu du martxoaren 3rako. Ibilbide neurtu formatuarekin, herrialdean bost martxa egingo dituzte. Oarsoaldeari, Bidasoari eta Donostialdeari dagokiona Oiartzunen izango da, Girizia Mendizale Taldeak antolatua. Beste lau eskualdetan ere egingo dituzte martxak. Ehunka mendizale gaztetxo espero dira egun horretarako herrian.
Giriziak bi ibilbide prestatu ditu martxoaren 3rako, luzea eta motza. Biak ala biak Haurtzaro Ikastolan hasi eta bukatuko dira. 08:30ak eta 09:00ak artean izango dira irteerak. Hala, bide luzea 10,5 kilometrokoa izango da, 500 metroko desnibelarekin; besteak beste, eta Haurtzarotik hasita, Altzibar, Urbieta Behea, Telleriberri, Gurutze, Beloaga, Miakazarra eta Urkabe zeharkatuko dituzte. Bide motza, berriz, 7,9 kilometrokoa izango da (300 metroko desnibela): Haurtzaron hasi, eta Altzibar, Urbieta Behea, Telleriberri, Gurutze, Sistiaga eta Urkabe zapalduko dituzte bertako partaideek. Taldeka banatuko dituzte mendizale gazteak, horien gutxieneko kopurua 3 kidekoa da, eta 5ekoa gehienez.
Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute ibilaldi neurtuetan, Eskola Mendizaletasuneko Lehiaketan izena emanda dutenek zein ez dutenek. Hala, izena emateko epea hilaren 29ra arte izango da zabalik. Partaideen zerrendak ibilbideak antolatu dituztenei bidali behar zaizkie, Oarsoaldeko kasuan Giriziara.
Giriziaren datuak:
- Helbidea: Kontzejuerreka kalea 6, 20180, Oiartzun.
- Telefono zenbakia: 943 49 11 33.
- Posta elektronikoa: klik egin hemen.
- Webgunea: klik egin hemen.
Martxaren informazio gehiago izateko klik egin hemen.