Aizpea Otaegik bigarrenez eskatu dio bilera Gotzone Sagarduiri
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak bigarrenez jo du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren atea, Iztietako anbulatorioaz hitz egiteko presazko bilera eskatzeko.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak bigarrenez jo du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren atea. Iztietako anbulatorioaz hitz egiteko, presazko bilera eskatu zion alkateak sailburuari urtarrilaren 9an, herritarren kezka bere eginda, eta ehunka eta ehunka bizilagunek pasa den abenduaren 16an osasungintza publikoaren alde egindako manifestazio jendetsuan egin zioten eskaera publikoari erantzunez.
Erantzunik ez du jaso. Bien bitartean, Errenteriako Udalak bat egin zuen udalerriko auzo elkarteek urtarrilaren 30eko plenoan osasungintza publikoarekin lotuta aurkeztu zuten mozioarekin. Iztietako anbulatorioan Lehen Arretak eta Oarsoaldeko udalerri guztiei zerbitzua ematen dien Etengabeko Arreta Gunearen zerbitzua okertu dela salatzeko eta konponbideak eskatzeko aurkeztu zuten mozioa. EH Bildu, Elkarrekin Errenteria, PSE-EE, eta PPren aldeko botoekin egin zuen aurrera; EAJk abstentzioaren alde egin zuen.
Bost eskaera zehatz zituen onartutako mozio horrek, tartean, dagokien pertsonei, erakunde eta sailei konpontzeko neurriak hartzeko eskatzea, eta arazoa konpontzen lagundu dezaketen kudeaketak egiteko eta hartutako erabakia Eusko Jaurlaritzari eta Osasun sailburuari bidaltzeko konpromisoa ere.
Hori horrela, udalbatzaren mandatuari erantzunez, bigarrenez bilera eskatu dio, presazkoa, Otaegik Sagarduiri.
Kezka erakusten duten protesta jendetsuak
Hilabete eskaseko epean 10.000 herritarren sinadurak bildu dituzte auzo elkarte, mugimendu feminista, bilgune feminista eta Duintasuna pentsiodunen elkarteak. Osasun Zerbitzu Publiko eta kalitatezkoaren alde egindako borrokaldiaren lehen faseari bukaera emateko, sinadura horiek Iztietako anbulatorioaren harreran entregatu zituzten handik Donostiako ESIra bidera zitzaten, hilaren 5ean; bi egun aurretik, hilaren 3an, manifestazio erraldoia egin zuten milaka herritarrek, udalerriko kaleak txiki utzita Iztietako anbulatorioan zein osasun zerbitzu publikoan kalitatezko osasun arreta unibertsala galdegiteko.