[Erreportajea] Lezo Sahara Batuz, sahararrak babestea xede duen taldea
Bost lezoarren ekimenetik sortutako elkartea da, Saharako herriari elkartasuna helarazteko helburuarekin. Bihar aurkeztuko dute taldea Kultur Aretoan, 11:30ean. Tertulia moduko bat ondu dute.

Bihar, larunbatarekin, Lezo Sahara Batuz taldea aurkeztuko dute Kultur Aretoan, 11:30ean. Bost lezoarren ekimenetik sortutako elkartea da, Saharako herriari elkartasuna helaraztea xede duena. Edurne Lizarazu da kideetako bat. Seitan izan da Saharan, eta martxoan bertara bidaiatuko du berriro hamabost egunez, beste hiru herritarrekin. Erizaina da, eta bere lanbidearekin harremana duten ekintzak gauzatzen ditu Saharan.
Lizarazu jakitun da sahararren bizi baldintzez, in situ bizitu baitu han pairatzen duten egoera. Lezoarrak kontatu du sahararrak oso baldintza «tamalgarrietan» bizi direla Aljeriako basamortuetako kanpamentuetan. «Laguntza handia» behar duen herria dela adierazi, eta «oinarrian dauden eskubideak urratuak» dituztela jakinarazi du. Lizarazuk badaki kanpotik ez dutela bertako gatazka konponduko, baina «elkartasuna» adierazi eta «keinu txikiekin laguntza txikiak» egin daitezkeela ziur da. «Oso garrantzitsua da babesa ematea eta beraiek ikustea badakigula han zer pasatzen den eta zer sufritzen duten», esan du.
Premisa horretatik abiatuta sortu dute Lezo Sahara Batuz taldea. Haien helburu nagusiena da Lezon «sentsibilizazio bat» sortzea sahararrek bizi duten egoera azaltzeko. Egitasmo argi bat dute esku artean, eta Oporrak Bakean programarekin dago lotuta. Taldeko kideak ziur dira Lezok ekarpena egin diezaiokeela proiektuari: «Oporrak Bakean-ekin herrian haurren bat ekartzeko jarrera baikorra duten familiak lortuko bagenitu, guk bideratuko genuke. Jendeak bere aldetik bilatu beharrean guk egingo genuke, badugu esperientzia, zubi lanak egin ditzakegu».
Beste hainbat egitasmo ere gauza daitezkeela adierazi du Lizarazuk, betiere «herriaren jarreraren araberakoak», eta taldea lezoarrei irekia dagoela nabarmendu du. Horrez gain, badira Sahararekin lanean ari diren beste hainbat elkarte, eta haiek garatzen dituztenak «Lezoratu» daitezkeela esan du. Taldean, gainera, urtero Saharara bisitaldia egiten duten kideak daudela jakinarazi du Lizarazuk. Hura, esaterako, seitan izan da han, eta uste du Sahararekin «zuzeneko lotura» izan dezakeen elkartea direla.
Biharko saioari dagokionean, zertzelada batzuk aurreratu ditu Lizarazuk. Tertulia moduko bat landuko dute, kafea eta pasta batzuez lagunduta. Sahararen egoeraz mintzatuko dira, eta herriko bi familiak beren esperientziak kontatuko dituzte. Azkenik, Iñaki Labaka abeslariak kontzertua eskainiko du. Labakak Sahararekin «sentsibilizazio berezia» duela nabarmendu du Lizarazuk. Kaleratu duen azken diskoan Hondar malkoak izeneko abesti bat du, Sahararekin «harreman zuzena» duena.