Hormak ere, Palestinaren aldeko oihu
Eva Mena muralistak Bakearen Lankidetzarako Batzarrarekin elkarlanean Palestinak bizi duen egoera salatu eta euskal herritarren elkartasuna aldarrikatzen duen murala ondu du.
Palestinarren giza eskubideen urraketak salatu eta euskal herritarren elkartasuna helarazteko murala egin du Eva Menak Errenteria-Oreretako Aralar plazan. Bakearen lankidetzarako batzarrarekin elkarlanean egin du lan hori. Mural hori, iazko abenduan izandako Giza Eskubideen jardunaldien IX. ekitaldiaren parte da. Halaber, Errenteriako Udalak Palestinako bandera jarri du udalerri sarreran, udalbatzak hartutako konpromisoari erantzuteko.
Azken hilabeteetan areagotu den arren, Palestinak hamarkadak daramatzala Israelen indarkeria jasaten nabarmen jarri du udalak, “dagoeneko 28.500 hildako eta 68.000 zauritu baino gehiago utzi ditu gatazkak”.
Eva Menaren muralean emakume heldu baten aurpegia ikusten da, “adinagatik, Israelgo Estatua sortu aurretik Palestina librean bizi izan zen emakume bat irudikatzen du”. Udaletik azaldu dutenez, egileak, aurpegi bera margotu zuen duela urte batzuk Betleemgo horma batean, bukatu gabe geratu zena. Emakumearen ondoan, neska zuri baten irudia dago, ahotsa altxatuz, arreta piztu eta palestinarrekin gertatzen ari den giza eskubideen urraketa salatu nahi duena.
Muralean bi herri eta bi bandera, ikurrinaren eta Palestinakoaren koloreak, herrien arteko elkartasunaren isla.
Halaber, Palestinako antzinako ehun bat erakusten du muralak, elkartasunari erreferentzia egiten diona. Emakumeak, sororitatea, ahizpatasuna eta belaunaldi arteko elkarrizketa islatzen ditu Menaren lanak, “gainera, bizikidetza eta kultur aniztasun testuinguruan elkarrekin bizi diren bi kultura sinbolizatuta daude, finean, Errenteriako biztanleria”.
Ama lurra ere presente dagoela muralean nabarmen jarri dute, “loreen figuraren bidez”. Proiektuaren bidez, egileak, gorroto diskurtsoak ezabatu, Ipar-Hego estereotipoak hautsi, genero berdintasuna sustatu, tokiko sare globalak bultzatu eta Gipuzkoako gizarte kohesioa indartu nahi ditu. Menaren ilustrazioa La Basu, Arianna Puello eta Dinamiin artisten Mujeres Guerreras kantan oinarrituta dago, “Hiru emakume, hiru lurralde eta mezu bakarra: emakume gerlariak mundu osoan errealitateak eraldatzeko eta eskubideak eta askatasunak defendatzeko borrokatu duten emakumeei omenaldia”.
Palestinaren aldeko manifestazioa, bihar
Palestinarekin lotuta, manifestaziora deitu du Orereta Palestinarekin Herri dinamikak. 17:00etan abiatuko da Herriko Plazatik, eta Errenteria-Oreretako zein Oarsoaldeko gainontzeko udalerrietako 60 eragile eta elkartek baino gehiago egin dute atxikimendua deialdiarekin.