Jasotakoarekin "pozik" eta eskertuta
Material ortopedikoa eta ortoprotesikoa jasotzeko banku bat sortzeko helburuz, elkarlana hasi zuten joan den azaroan ANDADE Espainiako Estatuko Anputatuen Elkarteak eta Errenteriako sozialisten elkargoak.
Material ortopedikoa eta ortoprotesikoa jasotzeko banku bat sortzeko helburuz, elkarlana hasi zuten joan den azaroan ANDADE Espainiako Estatuko Anputatuen Elkarteak eta Errenteriako sozialisten elkargoak. Irabazi asmorik gabeko bi eragile horien helburua, inklusioaren alde eragitea eta aniztasun funtzionala duten pertsonak ikusgai egitea dutela helburu esan zuten orduan.
Lehen balorazio bat egin dute orain, eta pozik azaldu dira herritarren aldetik jaso duten erantzunarekin. Jose Angel Rodriguez Errenteriako sozialisten idazkari orokorrak, “ase eta harro gaude herritarrak izaten ari diren parte hartzearekin”.
Manuel Quesada errenteriarra eta ANDADE elkarteko ordezkariak azaldu duenez, jasotako material ortopediko eta ortoprotesikoa teknikari profesionalek ikuskatzen ari dira, “beharra duten pertsonek erabiltzeko moduan egon dadin, baita garapen bidean, gerra egoeran edota hondamendiak gertatzen diren herrialdeetara bideratzeko. Dagoeneko edukiontzi bat bidali dugu Etiopiara”.
Material horiek birziklatzea eta berrerabiltzearen garrantzia nabarmendu du bestalde, Isaac Palencia PSE-EEren udal bozeramaileak, “horrek material horri beste bizitza bat ematea suposatzen baitu, baita zaurgarrien diren pertsonei aukera berriak zabaltzea ere”. Jasotzen ari direnak, honakoak izango dira: gurpildun aulkiak, makuluak, taka-takak, beso, oin, hanka, esku… Halakoak izan eta erabili edo behar ez dituztenei herriko etxera eramateko eskatu diete —Morrongileta kalea, 12 behea— erabilera berri bat eman ahal izateko. Telefono zenbaki bat ere jarri dute, informazio gehiago jaso nahi dutenentzat: 943 51 99 99.