Gaztetxoena ere bada Lezo-Jaizkibel
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren bezperan egingo dituzte haurren probak. Izen ematean bildutako dirua Mindara elkarteari emango diote.
Jakina da Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren hamargarren ekitaldia hilaren 25ean izango dela. Nagusien lasterketa da hura. Gazteenek, ordea, badute aukera herrian urteko jarduera seinalatuetakoa denaz gozatzeko: hilaren 24an (larunbata), lasterketa nagusiaren bezperan, haurren lasterketak egingo dituzte, 17:00etan Gurutze Santuaren plazatik hasita. Izen emateak 16:30ean zabalduko dituzte, han bertan. Inskripzioak bi euroko prezioa du, eta bildutako guztia Mindara elkarteari bideratuko diote antolatzaileek.
Lasterketaren aurrekoekin jarraituta, hilaren 21ean (asteazkena) Oihana Kortazar goi mailako mendi lasterkariak hitzaldia emango du, 19:30ean hasita, Gezala Auditoriumean.