Mirene Begiristainek jasoko du Labore Oarsoren III. Amalur Saria
Elikadura sistemen ikertzaile da Begiristain. Horrez gain, teoria praktikan jartzen duen militante ere bada, hainbat proiektutan buru-belarri ari baita.
Labore Oarsok 2022an jarri duen Amalur Saria. Sariaren izenean sintetizatu nahi izan dituzte kontsumo kooperatibaren baloreak. Labore Konplize taldeak pertsona edo talde baten lana aitortu nahi du sari horrekin; ama, emea, emakumea, eta lurra dira aintzatetsi nahi dituztenak.
Aurtengo saria —hirugarrena da— jasoko duenaren berri eman dute: Mirene Begiristain Zubillaga izango da. Ekonomian doktore da Begiristain, eta EHUko irakasle da lanbidez. Elikadura sistemen ikertzaile da, ikuspegi agroekologikotik, besteak beste.
Horretan lanean aritzeaz gain, beste hainbat esparrutan sartuta dabil buru-belarri. Proiektu askotan militatzen du, Labore Oarsok nabarmendu duenez: lehen sektorean, agroekologian, lurraren eta lurra zaintzen dutenen zaintzan… “Betiere, ikuspegi feministatik”, nabarmendu dutenez.
Gaur egun Amillubi proiektuko kide da. Zestoako baserria eta bere lurrak ardatz dituen proiektu horri buruz luze eta zabal aritu ziren abenduaren 10eko Argia-n.
Ekitaldia, martxoaren 2an
Amalur Sariaren hirugarren ekitaldia martxoaren 2an izango da. Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan izango da urteroko erritu berri hori, 12:00etan.
Saria eman baino lehen, Amillubi proiektuaren berri emango dute ekitaldi horretan. Ondoren, Begiristainek berak hartuko du hitza, Elikadura burujabetzaren bide-ikaspenak izeneko hitzartzearekin.