[Argazki galeria] Plaza kantxa bihurtu dute, bolei partidak 'biyurrienak' jokatzeko
'Baga, Biga, Liga'-ren lehenengo jardunaldia jokatu zuten larunbatean. Egun osoan giro ederra jarri zuten plazan eta inguruetan.
Hasi da aro olinpikoa Oiartzunen. Biyurrieneak antolatutako Baga, Biga, Liga olinpiaden lehenengo jardunaldia jokatu zuten pasa den larunbatean, Done Eztebe plazan.
Hamasei taldek eman dute izena txapelketan, eta hortxe aritu ziren, nor baino nor, finala bilatzeko lehian. Mokollo eta Tronkun Lotan taldeak izan ziren final handia jokatzeko aukera izan zutenak.
Tronkun Lotan-ekoek beraien izenaren gorazarre egin zioten, eta lo geratu ziren, Mokolokoek otsaileko proba bereganatuz.
Lehia bizia izan bazen ere, giro polita izan zen azpimarragarriena. Ez lehiak iraun zuen goiz eta eguerdi partean bakarrik, baizik eta egun osoan. Taldeak banatzen zituen sarea kendu, eta Girizian bazkaria egin zuten parte-hartzaileek, eta ondoren elektrotxarangaren txanda izan zen, denek elkarrekin gozatzeko.
Bi kasuetan ere festa giroa izan zen nagusi. Parranda ordu txikiak arte luzatu zen, eta hor bai izan zirela txapeldun gehiago.
Biyurrieneak pasatutako argazkiak dira galeriakoak.