Hamaika ekitaldi 23.Korrika girotzen hasteko
Korrika Kulturalaren barruan antolatutako egitarauaren berri eman du Xenpelar AEK-k.
23. Korrika behar den moduan ospatzeko motorrak berotzen hasi da Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK, eta horri begira, Korrika Kulturalaren barruan askotariko egitaraua ondu du. Hurrengo ostegunean piztuko du suzia eta ekitaldi zerrendari hasiera eman Sindikato Tabernan antolatu duen Pintxo pote musikatuarekin. 19:00etan izango da, esan moduan, hilaren 29an, eta tonbola ere jarriko dute bertan. Eguna biribiltzeko, June Galardik kantaldia eskainiko du.
Ez dira urrutiegi joan. Hurrengo zita, martxoaren 1ean jarri du Xenpelar AEK Euskaltegiak Korrika, kultura eta euskararen jarraitzaile zintzoekin. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairekin barre egiteko aukera paregabea izango dute Ztandap bakarrizketarekin. 19:00etan izango da hori, Xenpelar Etxean eta sarrerak dagoneko eskura daitezke Sindikato tabernan eta Xenpelar AEK Euskaltegian bertan.
Egun bat geroago, martxoaren 2an, bertso afaria antolatu dute. Aissa Intxausti, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi hirukoteak gogotik girotuko du Niessen elkartea. 21:00etan izango da, eta sarrerak, Arkaitza Tabernan eta Xenpelar euskaltegian eros daitezke.
Film emanaldiak
Antolatutakoen artean, film eta dokumentalek ere izango dute tartea. Horietako lehen hitzordua, martxoaren 5ean izango da, asteartearekin, eta Bizkarsoro filma ikusteko aukera izango da. Ondoren solasaldia antolatu dute Katti Pochelu ekoizlearekin. Niessen zineman izango da emanaldia, 19:00etan. Oihaletxea dokumentala emango dute martxoaren 14an, Niessen aretoan, 10:00etan hasita. Ondoren Lander Garro zuzendariarekin solasaldia antolatu dute.
Harro Herri Eguna martxoaren 9an izango da, larunbatarekin, goiz partean eta haurrei begirako hainbat ekitaldi antolatu dituzte: haur jolas txokoak, horma irudi margoketa, eta Kiki eta Koko pailazoen emanaldia ere izango da.
Gazte Asanbladak ere bat egin du Korrikarekin lotutako ekitaldi kulturalekin, eta Korrika Eguna antolatu dute Gaztetxean. Martxoaren 16an izango da hori.
Korrika Txikia, Korrika Gaztea eta Gazte izandakoen Korrika
Korrika nagusia heldu aurretik, lasterketaren erreplika txikiek ez dute hutsik egingo oraingoan ere. Guztietan lehena, Gazte izandakoen Korrika izango da. Martxoaren 4an izango da, astelehenarekin, goizez. 11:30ean abiatuko da Herriko Plazatik.
Korrika Txikia eta Korrika Gaztea, berriz, martxoaren 21ean helduko da: Beraungo Korrika Txikiaren ekitaldia, Pablo Sorozabal plazan egingo dute 11:00eta, DJ Kaktusekin; Erdialdekoaren ekitaldia, berriz, Linon izango da 15:30ean Diskorrika DJaren eskutik. Korrika Gaztea, azkenik, martxoaren 22an, ostiralarekin egingo dute. Ekitaldi nagusia 12:30ean izango da Linon, Elektrotxuflarekin.
Korrika Jaia
Martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan bukatuko den 23. Korrika, martxoaren 23an pasako da udalerritik, gauez. Horri begira egun osoko egitaraua ondu du Xenpelar AEKk Korrika Jaiaren barruan. Bazkaria (14:30), Euskararen paparazziak sari banaketa (16:00), bingo musikatua (16:15), Txalainak (19:00) girotuko dute eguna. 23:51ean iritsiko da Korrika 23 Errenteria-Oreretara Lezo aldetik. Korrika nahikoa nekatzen ez direnei begira, DJ Expuelaren emanaldia izango dute gozagarri 00:45etik aurrera.
Bi lehiaketa ere antolatu ditu Xenpelarrek: Ezetz 23 lehiaketa da horietako lehena eta herritarrak jarri ditu lanean. Esfortzuak izango du saria, izan ere, parte hartzaileen artean bazkaria zozkatuko dute bi lagunentzako Gaztelu ostatuan. Egitekoa, honakoa: Errenteria-Oreretako Erdialdeko 23 balkoitan Korrikaren 23 ekitaldietako logoak izango dira zintzilikatuta. Horiek aurkitu eta argazkia atera beharko dute. 23 argazkiak, posta elektronikoz bidali beharko dituzte (egin klik hemen) martxoaren 19a baino lehen. Mezuan, izen abizenak eta telefono zenbakia ere zehaztu beharko dituzte.
Bigarrena , herriko tabernariei begirakoa da: Korrika pintxoa. Korrikaren lekukoa irudikatu beharko dute, eta salgai jarri martxoaren 9an. Korrikaren lekukoa hoberen irudikatzen duen taberna izango da irabazlea. Epaimahaikideak egun horretan pasako dira parte hartuko duten tabernetatik. Saria, ederra: Taberna irabazleak 23. Korrika ofizialaren lekukoa eramango du.