Jaizkibel draga ontziaren maketa bat jaso du dohaintzan udalak
Juan Enrique Bengoetxea errenteriarrak lagatu dio maketa udalari. Udaleko iturrien arabera, maketa hori "Pasaiako itsas historia aberatsa omentzen duen erreplika zehatza" da.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/dsc00837.jpg)
Jaizkibel draga ontzi mitikoaren maketa bat lagatu berri diote Pasaiako Udalari. Hain zuzen, Juan Enrique Bengoetxea Elizetxe errenteriarrak eman dio dohaintzan maketa, gaur goizean sinatu dute hitzarmena Bengoetxeak, Tel Alberro alkateak eta Aitor Brion zinegotziak. Udaleko iturrien arabera, maketa hori “Pasaiako itsas historia aberatsa omentzen duen erreplika zehatza” da, “funtsezko zeregina” izan baitzuen portuaren garapenean. Egileak “maitasun berezia” diola aitortu du.
Draga ontzia Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuen Jaurlaritzak 1992an. 60,20 metroko luzera, 10,50 metroko zabalera eta 4 metroko altuera ditu ontziak. Kroskoa altzairu errematxatuzko xaflaz egina dago, eta gaur egun fabrikazio sistema hori duen ontzi bakarretakoa da. 1933an eraiki zuten, Bilboko Euskalduna konpainiaren ontzioletan. Portuko Agintaritzak egin zuen enkargua.
1/50 eskalan eraikitako maketa da, egilearen arabera, “ahalik eta zehatzen eta jatorrizko materialak errespetatuz”, eredu errealaren ezaugarri funtzional eta estetiko guztiak erreproduzitu nahi izan ditu. Errenteriarrak honakoa erantsi du gaurko bileran: “Ez dakit nondik datorkidan interes berezi hau. Beharbada kortsarioa edo marinela izango nintzen beste garai batean”. Etxean belaontzi eta bestelako asko dituela aitortu du, eta “goizaldeko ordu txikiak arte” egon ohi dela horiekin lanean.
Maketa egiteko 15-25 urte behar izan dituela erantsi du Bengoetxeak, “bat bukatu gabe utzi eta beste batekin hasteko” ohitura omen duelako. “Lan batzuk aspergarriak dira, eta horiekin egunak eta egunak ematen dituzu, gero ia emaitzarik ez atzemateko. Eta, aldiz, beste pieza batzuek aldaketa handia dakarkiote proiektu osoari. Bigarrena, jakina, askoz ere gogobetegarriagoa da, baina pieza txiki eta errepikakor horiek banan-banan egin beharrik ez izateko automatikoki biderkatu nahiko bazenitu ere, maketaren parte dira eta egin beharreko lana da”, esan du erretiratua dagoen aparejadoreak.
Erabilitako materialei dagokionez, kroskoaren eta estalkiaren forrua zurezkoak egin ditu. Kaskoa, estalki eta barruko elementuak egiteko, berriz, egur kontratxapatuzko txapa erabili du, ardo kaxa batzuetatik berreskuratuta. Estalkiaren hiru elementu nagusiak ere egurrezko kontratxapatuz egin ditu. Bi dorreak, etxola, dragaren besoa, deskarga toberak, zabortegiak eta etxola txiki guztiak, aldiz, ezki kontratxapatuz eta kobrez forratu ditu, eta tximinia iturgintzako kobrezko hodizkoa da.
Maketa margotzeko pintura akrilikoa erabili du. Oxido ukitu arin batzuk ere gehitu dizkio errenteriarrak, “lanean emandako urteetan ontziak zuen ohiko itxura lortzeko” asmoz.