Ekialdebuseko azken proiektuari errekerimendua aurkeztu dio udalak
Proiektu osoa errebisatu dezala galdegin dio aldundiari, "zehazki azaldutako galeren kasuan, gaur egungo zerbitzua mantenduz".
Ekialdebusen azken proiektua berrikusteko eskatu dio Errenteriako Udalak Gipuzkoako Foru aldundiari, eta horretarako errekerimendua aurkeztu. Agerraldia egin dute gaur eguerdian horren berri emateko Bernar Lemos Trafiko eta Garraio zinegotzi eta alkateordeak, eta Maite Gartzia bigarren alkateordeak. Aurtengo urtarrilaren 11n argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentuak, Bidasoa Behea eta Oarsoaldea eskualdeetan eta Donostiarekiko loturetan bidaiarien errepideko erabilera orokorreko hiriarteko garraio zerbitzu publiko erregularra emateko emakidaren proiektu aldatuaren onespena. “Errenteriako Udalak, proiektu horren azterketa teknikoa du eta ondorioztatu, proiektu horrek gaur egungo zerbitzua okertzen duten hainbat puntu dituela, eta horrenbestez, erabaki dugu errekerimendua aurkeztea aldundiak proiektua errebisa dezan eskatzeko”, azaldu du Lemosek.
Errekerimendu hori udaleko zerbitzu juridikoek landu dute, eta haien arabera, aldundiak aurkeztu duen proiektu aldatuak mugikortasun jasangarrirako eta garraiobidearen aukeraketa askerako eskubidea urratzen ditu: “Proiektu aldatuan jasotzen diren lineetan gaur egungo lineekiko eman diren galerak azaldu ditu oinarri gisa errekerimenduak. Galera horiek gainera, errenta baxuena duten sektoreei, adineko, emakume eta langileak kaltetuko ditu bereziki”.
Proiektu horretan egungo E15 autobus linea desagertzea aurreikusten dela jaso du, halaber errekerimenduak zehazki. Izan ere, nabarmen jarri du zerbitzu juridikoak egindako txostenak OR07 izenarekin berrizendatzen dden lineak izenburuan Beraun aipatzen badu ere, geltokiak aztertuta, proiektu aldatuak ez dituela jasotzen orain arte E15ak Pontika, Galtzaraborda, Igantzi, Beraun eta Kaputxinoetan egiten zituen geltokiak.
Aipamena, halaber, Oarsoaldea Bidasoarekin eta zehatzago Bidasoa Ospitalearekin lotura egiten duen zerbitzuari: “Errenteria eta Hondarribia arteko lotura zuzena era desagertzea aurreikusten du proiektu aldatuak, Hondarribiara joateko ezinbestean Irundik pasa beharko baita ibilbidea nabarmen luzatuta”. Proiektuaren arabera, egun zerbitzua ematen duten E20, E26 eta E27 lineak BI03 lineak ordezkatuko lituzke, “eta horrek zenbait tarteetan frekuentziak gutxitzea ekarriko luke, baita Errenteriak Bidasoko Ospitalearekin lotura zuzena galtzea ere”, erantsi du trafiko eta garraio arduradunak.
E05 linean maiztasun aldaketa
Kezka azaldu dute halaber bi udal ordezkariek, E05 linearen maiztasunean ere aldaketak suposatzen dituelako proiektu aldatuak; hala jaso dute errekerimenduan. Proiektu aldatuan OR03 izena hartu du linea horrek, eta egun duen zerbitzua 15 minutuz behin izatetik, 20 minutuz behin pasatzera igaroko da, “jai egun arratsaldetan 20 minutuz behin beharrean 30 minutuz behin pasako litzateke linea hori”.
Errekerimendua aurkezteko bigarren arrazoi gisa aurre proiektutik proiektura emandako aldaketak direla azaldu dute: “2022ko maiatzaren 19an aldundiak aurkeztu zuen aurre proiektuak gerora proiektu aldatuan jasotzen diren aipatutako galerak ez zituen aurreikusten. Udalak aurreproiektuari alegazioak egin bazizkion ere, zerbitzu galera hauei ezin izan zien alegaziorik egin, alegazioak egin ostean egin baitira aldaketak”.
Eskaera zehatza egin diote aldundiari: azal ditzala aurreproiektutik proiekturako aldaketa horien arrazoia, adieraziz, gainera, aldaketa horiek zein txosten edo azterketaren arabera egin diren. Horrekin batera proiektu osoa errebisatu dezala galdegin diote aldundiari, “zehazki azaldutako galeren kasuan gaur egungo zerbitzua mantenduz”.