Lezoko gobernu taldearen bide-orria, jendaurrera
2023-2027 Legegintzaldi Plana aurkeztuko du udal gobernu taldeak. Lezoarrei zabalik den ekitaldia izango da Gezalakoa.
Ostiraleko 19:00etan, Gezala Auditoriumean, aurkeztuko du Lezoko gobernu taldeak 2023-2027rako Legegintzaldi Plana. EH Bilduren gobernu taldeak agintaldirako bide-orria jendartean zabalduko du. Ekitaldi irekia da, beraz, lezoar orok jakin dezake lehen eskutik zeintzuk izango diren udalaren bidearen ildo nagusiak.
Erronkak, proiektuak eta proposamenak aurkeztuko ditu gobernuak, “herritarrek udal gobernuaren jarduna zein izango den jakin dezaten”. Lehen aldia da gisa honetako ekitaldi bat egiten dela, hau da, herriari buruzko informazio zehatza izateko estreinako aukera izango dute herritarrek.
Udalaren gidariek euren azalpenak eman ondoren, lezoarrek aukera izango dute gobernu taldeko kideekin hitz egiteko, zizka-mizka artean.