“Ezinbestekoa da Palestinaz egunero hitz egiten jarraitzea”
Tulkaremdik (Zisjordania, Palestina) ihesi, duela hamabost egun heldu dira Oiartzunera Anuar eta Shaker Kittaneh. Palestinarekiko sustengua eskertuta, horretan jarraitzera deitu dute gizartea.
Palestinako zein herritakoak zarete?
ANUAR KITTANEH: Tulkarem hirikoak. Zisjordania iparraldean dago eta hiri garrantzitsuenetako bat da.
Nolakoa da egunerokoa bertan?
XAKER KITTANEH: Ikaragarria da, ez dago jatekorik ezta ezer erosteko dirurik ere, ordainketarik ez delako egiten. Egunetik egunera egoera okertzen ari da.
Duela bi aste heldu zarete Oiartzunera. Nola sortu zen aukera, eta nolakoa izan da bidea?
ANUAR: Gure etxea eraso zuten, eta hori gertatzerakoan erabaki genuen Jordaniara ihes egitea. Jordaniatik Madrilera egin genuen hegazkinean, eta ondoren, Madriletik Bilbora.
XAKER: Bilbon bi egun egin genituen, beste bi Deban, eta Oiartzunera etorri arte Arrasaten izan gara. Oiartzunera duela bi aste iritsi ginen.
Zer aurkitu duzue Oiartzunen eta Euskal Herrian?
ANUAR: Lasaitasuna. 35 eta 36 urte ditugu, eta bizitza osoan tiro eta bonba hotsak entzuten hazi gara.
Joan den larunbatean Errenteria-Oreretan Palestinaren alde egindako manifestazioan izan zineten. Nola bizi duzue elkartasun hori?
ANUAR: Sentimendu nahasketa bat da. Triste ginen, oso, Palestinan gertatzen ari denarengatik, eta aldi berean pozik ikusita euskal gizartea ematen ari den erantzunarekin. Handia da ikustea herritarrak gurekin direla, Palestinarekiko elkartasuna gertu-gertutik sumatzea.
Urriaren 7ari begira ari dira asko, baina Palestinaren okupazioa 1948an hasi zen. Nolakoa zen egunerokoa palestinarrentzat urriaren 7aren aurretik?
ANUAR: Egoera muturrera iritsi da orain, baina aurretik ere urraketa etengabea zen, egunerokoa. Israelgo militarrak egunero sartzen ziren etxeetara, nahi zuten guztia begiratzera, dirua lapurtzera; palestinarrak egunero hiltzen zituzten. Erasoak egunero-egunero bizi ditugu bertan.
XAKER: Egia da gaur egun egoera hori muturrera eraman duela Israelek, baina aurretik ere erasoak etengabekoak ziren.
28.000 palestinarretik gora hil ditu Israelek lau hilabetean, horietako asko eta asko haurrak dira. Nazioarteko erakundeak beste aldera begiratzen ari dira. Nola bizitzen ari zarete hori?
ANUAR: Amorruz eta tristuraz. Finean, gu handik atera gara, baina gure senideak han dira. Amorrua eta tristura sentitzen ari gara egunero-egunero Israel hiltzen ari den palestinarrengatik. Gainera, gobernuek eta erakundeek arreta guztia bahituta dituzten israeldarrengana bideratuta dute, eta egunero-egunero Israel hiltzen ari den palestinarrekin ahaztu egiten dira. Handia da amorrua eta handia da tristura.
Gobernuen babesa ez, baina herriena bai. Kalea Palestinarekin dago. Zer egin daiteke Palestina laguntzeko?
XAKER: Oso garrantzitsua da kalea hartzea, manifestazioak egitea, eta hori bezain garrantzitsua Israelen aurkako boikota. Palestinarekiko elkartasuna sustatzea eta etengabe hitz egitea Palestinaz, ez ahaztea bertan gertatzen ari dena eta egunero presente izatea. Oso garrantzitsua da Palestinaz hitz egiteari ez uztea. Laguntzeko beste modu bat gobernuak presionatzea da, ahal den moduan, eta hori, herritarrek lor dezakete.
Haurrak izaten ari dira kaltetuenak. Zuek seme txikia duzue.
XAKER: Oso gogorra eta oso zaila izaten ari da haurrekin gertatzen ari den guztia. Guk alde egin eta hona etortzearen arrazoia gure semea salbatzea izan da. Urriaren 7az geroztik, beste haurrek bezala, semeak ezin izan du eskolara joan edota etxetik atera. Beldurra konstante bat da. Etxe inguruan bizi izan genituen erasoen bideo eta argazkiak ditugu; latza da.
ANUAR: Pentsa, hemen lasai gaude, ez dugu tirorik ezta bonbarik entzuten, ez da gatazkarik. Hala ere, semea ez da gai komunera bakarrik joateko, beldurra duelako. Bizi-bizia du beldur hori, sakonean sartuta.
XAKER: Duela bi egun Israelgo ejerzitoak eraso egin du gure bizileku ingurua, eskolak eraso zituen eta haurrek han gelditu behar izan zuten etxera itzuli ezinik; egunerokoa da egoera hori.
Iritsi zaretenetik, laguntzarik jasotzen ari al zarete instituzioen aldetik ?
ANUAR: Momentuz ez dugu laguntzarik. CEARen programa barruan gaude —Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea—. Errefuxiatu politiko estatusa aitortu digute. CEARek etxebizitza aurkitzen lagunduko digu, eta formazioa eskainiko digu laneratzen laguntzeko. Gipuzkoan gelditu nahi dugu.
Israelek esan du martxoaren 10ean Rafah hirian [Gazako zerrenda] sartuko dela Hamasek bahituta dituen israeldarrak aske utzi ezean.
XAKER: Israel sartu eta irteten ari da aspalditik Rafah hirian, nahi dutena egiten dute, ez dute martxoaren 10era itxoin beharrik, zonalde asko dituzte kontrolpean. Data jartzea, egun horretan eraso gehiago egingo dituztela iragartzeko bere modua da, oraindik ere jende gehiago hilko dutela, genozidioan sakonduko dutela alegia. Genozidioa hasi eta lehen astetik Rafah ukitu zuen Israelek.
ANUAR: Hasieratik eman zuen agindua Israelek edozein eremutan eraso eta hiltzeko, Hamasen aitzakiapean. Berdin zaio zein hiltzen den, baita bahitutako israeldarrak hiltzen baditu ere, bere helburua palestinarrak hiltzea da Hamaseko jendea dagoela esanda. Israelek argi utzi du, ekiteko eran, berdin zaiola israeldarrak ere hiltzea.
XAKER: Israelen jomuga ez da Hamas, bere helburua, palestinarrak, arabiarrak hiltzea da. Palestina ezabatzeko Israelek erabiltzen duen aitzakia da Hamas.
Inguruan bizi den palestinarren batekin harremana egiteko aukerarik izan duzue?
ANUAR: Ez. Soilik Arrasateko familiarekin izan dugu harremana iritsi garenetik, beste palestinarrekin ez gara izan.
Zein da zuen egoera oraintxe, eta zer duzue aurreikusia?
ANUAR: Etxea topatu eta hemen gelditu nahi dugu. Behin hori lortuta, guregatik egiten ari direna eskertzeko ekarpena egin nahi dugu, itzuli guri eman digutena, lanaren bidez. Hemen lan eta bizi nahi dugu.
Unibertsitate ikasketak ditugu biok, nik finantza ikasketak egin nituen, eta senarrak marketina. Hala ere, palestinarrok ezin dugu lan egin nahi dugunean, uzten edo baimentzen digutenean baizik; Xaker eraikuntzan ibili da, eta nik ez dut etxetik kanpo lanik egin. Israelek erabakitzen du palestinarrok zer, noiz, eta nola egin dezakegun.
Bada modurik genozidioa gelditzeko?
ANUAR: Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteak Israel presionatu behar dute genozidioa bukatzeko, eta laguntza humanitarioari sarbidea bermatu behar diote.
XAKER: Oso zaila ikusten dut. Israel nahi duena egiten ari da, inpunitate osoz, estatu guztiek babesten dutelako.
Zein eragin du okupazioak herritarrengan?
ANUAR: Palestinan ez dugu segurtasunik, ez lasaitasunik, ez bakerik; palestinarrok ez dugu mugimendu askatasunik gure herrien artean, eta Israelgo militarrak 24 orduz ditugu guztia zelatatzen.
2007an hasi nintzen unibertsitatean ikasten, eta etxera iristen nintzenerako, gauak hartzen ninduen kontrol mordoa pasa behar nuelako egunero-egunero. Soberan zekiten ikastera nindoala, eta ondoren etxera, baina egunero hamaika kontrol eta miaketa pasa behar ditugu.
Zer eskatuko zeniekete nazioarteko erakundeei?
ANUAR: Gobernuei, egin dezatela ezinezkoa dena ere Israel presionatzeko. Herritarrei, berriz, mobiliza daitezela, Palestinaren aldeko manifestazioetara joan daitezela [igandean manifestaziora deitu du BDZk, 12:30ean Donostiako Bulebarretik abiatuta].
XAKER: Finean, herritarrak dira gobernuak mugiarazten dituztenak.
Argi utzi du Israelek Palestina desagerraraztea duela helburu. Irtenbiderik ikusten duzue?
ANUAR: Erresistentzia. Irtenbiderik bada, herri osoaren erresistentzia da gakoa. Hamas ez dago herri guztietan; herri guztietan dagoena zera da: harriekin erresistentzia egiten ari diren haurrak.
XAKER: Elkarrizketa hau ere, erresistentzia da.
[Arabieraz eman dituzte erantzunak elkarrizketatuek. Aldibereko itzulpena Biba Bechrik egin du]