Niessen elkartea: "Makatxa, zu zerorri zara benetako auzolana"
Agustin Makazaga 'Makatxa'-k Niessen elkartearen lehendakaritza utzi du, 35 urteren ondoren. Omenalditxoa egin diote urteroko batzarrean.
![makatxa omenaldia niessen](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/img_20240224_120301-1.jpg)
Niessen elkarteak urteroko batzarra zuen gaur. Errenteria-Oreretan gizarte eragile diren elkarte gastronomikoen artean beste bat. Horra arte, ezohikorik ez.
Hala ere, zerbaitek egin du berezi urteroko batzarra: Agustin Makazaga Makatxa-k elkartearen lehendakaritza uzteko eguna izan da otsailaren 24a. 35 urte eman ditu karguan, eta elkartekideek omenaldi txikia eskaini diote. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, omenduak aurretik ezer jakin gabe.
Makatxarentzako esker oneko hitzak izan dituzte bere elkartekideek. “Batzuk, auzoan lanak uzten dituzten bitartean, gure Makatxak benetako auzolana eraman du aurrera hamarkadetan zehar, eta bera eta inguruko guztiak zipriztindu gaitu bere lanerako indar eta zipriztinak”, esan diote.
Azken hiru hamarkada eta erdian Makatxak bere burua Niessen elkarteari eskaini diola nabarmendu dute, “auzolanean”, eta “ondokoa zainduz” eta “herria eginez”. Buru-belarri aritu den jardueretako batzuk zenbatu dituzte: Dantzari Txiki Eguna; Otxote Topaketa; Sagardo Eguna; Gastronomia Astea; Jotaren Eguna; urteroko elkartasun eta bertso afariak; kantu jira; Atlantikaldia; edo 100, 200 edo 500 lagunentzako otorduak antolatzen, “asteak joan eta asteak etorri”.
Mindara elkartearekin elkarlanean edo Alzheimer gaixotasunari buruzko lanketak ere aipatu dituzte, besteak beste. “Zenbatu ezinezko mila lan eta ekintzetan, beti presente zure onena emanez”, gaineratu dute.
“Guztia, herritik eta herriarengatik”
Elkartetik kanpora begirako lanaz gain, etxe barruko lanetan izandako inplikazioa aitortu diote. Erreleboa hartu dion Fernando Lopetegirekin batera, hain zuzen, Niessen elkartearen zuzendaritzan egindako lana txalotu dute, lokala erosiz, antolakuntza lanetan murgilduz edo egoitzan egin beharreko konponketak “buzoa jantzita” bere eskuekin eginda. “Guztia, herritik eta herriarentzat”, nabarmendu dute.
“Horregatik, Makatxa, mila esker bihotzez zaren bezalakoa izateagatik eta gure alde egin duzun lan guztiarengatik. Makatxa maitea, zuk ez duzulako auzolana egin, zu zerorri zarelako benetako auzolana eta eredua”.
Aitor Albistur bertsolariak bertsoak kantatu ditu, eta denek batera, Xalbadorren heriotzean kanta abestu dute, Xabier Vesgaren txistuaren doinuak lagunduta, Makatxak Lopetegira lehendakari-makila eman aurretik.