Oraingoan bai, oraingoan asteburu polita izan da
Bi futbol talde nagusiek garaipena lortu dute, gol bakarra sartuta. Areto futboleko bigarren taldea ere, garaile.
Miren Tabernakoek garaipena ekarri zuten Getariatik. Oiartzun Kirol Elkarteko futbol talde nagusien urte hasiera gorabeheratsua izaten ari da. Zaila izan da bi taldeek emaitza positiboa lortzea asteburu berean.
Nesken taldeak Berriozarrera egin zuen bisita, eta norgehiagoka polita jokatu zuten. Aurrerapausoa eman zuten, bai joko aldetik baita jarrera aldetik ere. Jokoa hasieratik menperatu zuten, eta aukera argi batzuk sortu zituzten. Partidaren azkeneko txanpan gola lortzeko aukera sortu zuten; Rebeccak sareratu zuen baloia. Bosgarren postuan jarraitzen dute, baina garaipenak aurrekoen abaroan jarraitzea ahalbidetzen die.
Mutilek Azpeitian jokatu zuten. Joko-zelai zaila zen, baina oiartzuarrak hasieratik ongi atera ziren, eta lehiakor agertu ziren soropilean. Saria lortzeko 75. minutura arte itxaron behar izan zuten, baina Estefanoren gola baliagarria izan zen Garmendipetik hiru puntuak ekartzeko. Golaren ondoren aukera gehiago sortu zituzten, baina ez zuten asmatu; nahikoa izan zuten gol horrekin hamargarren postura igotzeko.
Areto futbolean, ongi
Areto futbolean, bigarren taldeak bakarrik jokatu zuen. Getariako Ketari bisita egin zioten, eta lehenengo ordu laurdenean bi gol sartu zituzten oiartzuarrek. Etxekoak esnatu ziren, eta aldea moztea lortu zuten, oiartzuarrek hirugarren gola sartu aurretik. Atsedenaldira iritsi baino lehen bigarrena sartu zuten getariarrek.
Bigarren zatian sendo aritu ziren defentsan, atzealdea ongi itxiz, eta partida bukatzeko minutu batzuk falta zirela sartu zuten laugarrena. Hiru puntu horiekin, Ttakun liderrarengandik puntu bakarrera jarri dira, azkoitiarrek galdu egin baitzuten.
Emakumeen 3. RFEF Maila
- Berriozar — Oiartzun: 0-1.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Lagun Onak B — Oiartzun: 0-1.
Emakumeen Euskal Liga
- Oiartzun B — Eibar C: 0-1.
Gizonen Lehen Erregionala. Kopa M-1.
- San Marcial — Oiartzun B: 1-0.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Ondarbeltz Amaikak Mutriku — Oiartzun C: 5-2.
Mutilen Gazte Mailako Euskal Liga
- Betoño — Oiartzun: 4-2.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Oiartzun B — Lengokoak B: 3-2.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila
- Oiartzun Ck sasoi erregularra bukatu du.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Oiartzunek atsedena izan du asteburuan.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Getariako Keta — Miren Taberna OKE: 2-4.
