23. Korrika girotzen hasteko, 'Txiki'-ren umorezko bakarrizketa
Antxoko Kultur Etxeak jasoko du biharko emanaldia. 'Euskaldunen jatorria, historia eta irria' izeneko bakarrizketa eskainiko du umoristak.
23. Korrikak Pasaia zeharkatzeko hiru aste eskas falta diren honetan, euskararen aldeko festa erraldoia girotzen hasteko ekitaldia egingo dute bihar (hilak 29) Antxon. Ion Martinez Esnaola ‘Txiki’-k Euskaldunen jatorria, historia eta irria izeneko umorezko bakarrizketa eskainiko du Kultur Etxean, 19:30ean.
Martxoaren 23an helduko da Korrika Pasaiara. Buenavistatik iritsiko dira herrira, antxotarrek hartuko dute lekukoa lehenik. AEK-k aurreikusitako ordutegiari erreparatuz, 22:50ak inguruan sartuko da 23. Korrika Antxora. Barrutia zeharkatu ondoren Trintxerpe eta San Pedrorako bidea hartuko du euskararen festa erraldoiak. Portura iristean une magiko batez gozatzeko aukera izango dute beste behin pasaitarrek: ontziz pasako baita lekukoa Pasai Donibanera. Bertatik Lezora joango da Korrika, 23:33ak inguruan sartuko dela aurreikusi du AEK-k.