"Eragile sozialen borrokarekin lortutako garaipena da"
Auzo elkarteek eta Duintasuna Pentsiodunen elkarteak E15 linea mantentzeko Mugikortasun diputatuaren idatzizko konpromisoa lortu dute. Gaiaren gaineko eztabaidak luze jo zuen atzoko plenoan, mozioak erretiratuta ere.

Soka luzea ekarri du E15 linearen gaineko eztabaidak azken hilabetean. Errenteria-Orereta eta zehazki, goiko auzoak eta Donostiako ospitaleak lotzen ditu autobus zerbitzu horrek. Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoa Behea eta Oarsoaldea eskualdeetan eta Donostiarekiko loturetan hiriarteko garraio zerbitzu publiko erregularra emateko emakidaren proiektu aldatuaren onespenean, zerbitzu hori ez zen azaltzen.
Atzoko plenoan gai horrekin lotuta bi mozio lantzekoak ziren talde politikoak; lehena alderdi popularrak aurkeztua zen, bigarrena auzo elkarteek eta Duintasuna pentsiodunen elkartearena. Biak erretiratu egin zituzten. Antonio Vicente Zubikoa alderdi popularreko zinegotziak azaldu zuenez, aldundia lanean ari da hori zuzentzeko , “ez du, beraz, lekurik mozioak”. Auzo elkarteek eta Duintasuna elkarteak aurkeztu zuten mozioa erretiratzearen arrazoia azaldu zuen Javier Sanz Duintasuna elkarteko kideak. Atzoko erabakia ez dela “atzera egite bat” nabarmen jarri zuen Sanzek hitza hartu zuen unean, “auzo elkarteen eta Duintasuna pentsiodunen elkartearen borrokarekin lortutako garaipena baizik”.
Sanzek azaldu zuenez, bilera egin zuen Mugikortasun diputatu Azahara Dominguezek atzo arratsaldean bertan E15 linearekin kezkatuta lanean ari diren eragile sozialekin: “Bilera horretan E15 linea mantentzeko idatzizko konpromisoa egin du. Konpromiso hori lortuta, mozioa erretiratzea eta larunbaterako deitua genuen giza katea bertan behera uztea erabaki dugu”. Hala ere, mugimendu sozialaren ordezkariak, haientzat “begien bistakoak” diren hainbat kontua argitzeko tartea hartu zuen, “etorkizunean inor nahas ez dadin”. Esan zuen, diputatuak barkamena eskatu ziela bilera horretan “izan duten lan estrategiarengatik”, eta aitortu ziela halaber, “gauza hauek beste modu batean egin behar direla”, eta hainbeste herritarri eragingo dien erabaki bat hartu aurretik, auzo elkarteekin landu behar dela gaia. “Barkamena ere eskatu du lehenago erantzun ez izanagatik gure errekurtsoari —otsailaren 9an aurkeztu zuten errekurtsoa—”.
Diputatuak proiektu aldatuan “akatsa” izan dela esan ziela azaldu zuen Sanzek atzoko plenoan, baina eragileek akatsetik harago doan zer edo zer dela uste dute. “Zerbitzua mantendu nahi zutela esan du, baina hitz egiten hasi denean argi utzi du ez zituela ibilbideak, denborak, ordutegiak ezagutzen. Akats bat ulertu daiteke linea batean, ibilbideak dituenean, frekuentziak, baina linea ez dago landuta. Gaurko bileran E15 linea ez desagertzeko konpromisoa suposatzen duen agiria sinatu du”. Ez da Dominguezekin atzo adostu zuten puntu bakarra. Izan ere, linea horren gainekoak lantzeko eragile sozialek eta langileen batzordeko ordezkariek osatutako lan batzordea eratzea ere adostu dute: “Aldundiak zuzenketak egiten dituenean batzorde horretan baloratuko dugu, ez alegazio garaian, baizik eta aurretik; azkenean auzotarrak garelako gehien ezagutzen dugunak egoera eta nola eragingo digun. Konpromisoa hartu du foru diputatuak, eta guk konfiantzazko botoa eman diogu, mozioa erretiratu eta larunbaterako deituta genuen mobilizazioa bertan behera utziko dugu”.
Akordioa, eragile sozialek egindako lanaren emaitza
Diputatuak beraiekin bilera atzo egin izana ez zen “kasualitatea” izan eragile sozialentzat. “20 egun joan dira errekurtsoa egin genionetik aldundiaren proiektu aldatuari; erantzuna, hain justu, mobilizazioak egiten hasi eta gaiaren gaineko eztabaida publikoa zabaltzea erabaki dugunean iritsi da”. Pozez hartu dute herritarren “egonezina” aintzat hartu izana, baina zalantzarik ez dute egindako lanaren emaitza dela, “oso-oso argi dugu herritarron garaipena izan dela hau”.
E15az gain, aldatutako proiektuak egungo zerbitzua “okertzen” duten “beste gabezia batzuk” badituela jakitun direla gaineratu zuen Duintasuna elkartearen ordezkariak: “Ez gara isilduko eta gure esku dagoen guztia egingo dugu E15 linearekin egin bezala, aldundiak bere gain hartu eta gabezia horiek leheneratu ditzan”.
Komunikabideetan azaldutako berriei ere erreparatu zien Sanzek. “Manipulazio saiakera egotzi digute eragile sozialei komunikabideetara egindako adierazpenetan batzuk”. Erantzun egin izen Sanzek: “Eragile sozialok abiatutako borroka bakoitzaren atzean, herritarren bizimodua hobetzen duten oinarrizko zerbitzu publikoak dira jokoan daudenak. Murrizketen aurrean, datozen lekutik datozela, ez gara isilduko. Zorroztu belarriak: agintean dagoena dagoela, zerbitzu publikoen alde egingo dugu”. Eskerrak eman zizkien Sanzek auzia mahai gainean jarri zuten ordezkari publikoei, “adierazpen publiko horri esker ohartu ginen proiektu aldatuak dituen gabeziekin, E15 autobusa desagertzen zela, eta horri esker garaiz mobilizatu gara egoera leheneratzeko”.
Hitza hartzeko aukera eskaini zien Aizpea Otaegi alkateak alderdi politikoei, baina batek berak ere ez zuen baliatu une horretan aukera. Alkateak hitz egin zuen. Eskerrak eman zizkien eragile sozialei lehenik eta behin egin duten zerbitzu publikoen defentsagatik, eta lortu duten konpromisoagatik: “Akatsa dela onartu izanak esan nahi du gure irakurketa zuzena zela, ez genuela bestelako interesik, garraio publikoaren defentsa egitea baino. Ez da, beraz, gure irakurketa aldatu behar dena, aldundia da, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentua zehazki, zuzenketa egin behar duena, aurkeztu zuen aldatutako proiektua zuzenduz eta diputatuen kontseilura eramanez aldaketa egin dadin. Zuzenketa hori egingo dela esan da, eta gu gainean izango gara egiten dela bermatzeko”.
Alegazioa egin zuen udalak
Bi kontu argitzeko baliatu zuen abagunea alkateak. Urtarrileko plenoan “zalantzan” jarri zen kontu bati egin zion erreferentzia. “Aurreproiektua aurkeztu zenean, eta ez aldatutako proiektua, udal honek aukera izan zuen alegazioak egiteko, eta hala egin genuen. Ez genuen, noski, zerbitzuen gaineko alegaziorik egin, hain justu, aurreproiektuak ez zuelako ondoren aldatutako proiektuak ekarri duen galerarik jasotzen, bermatzen zirelako garraio zerbitzu guztiak. Gerora, aldatutako proiektua aurkeztu zutenean alegaziorik onartuko ez zutela esan ziguten horretan, etorri ziren mahai gainean jarri ditugun murrizketak”.
Bigarrenik, “ongietorria” dela akatsa egin izanaren onarpena esan zuen udal agintariak “berandu badator ere”. Aldatutako proiektuan akatsa zegoela lehendabizikoz joan den ostiralean aitortu ziola diputatuak gaineratu zuen: “Ez berak deituta, eta ez aurreko hileko plenoaren ostean nik idatzitako bilera eskaerari erantzun diolako. Nik deituta egin zuen, pertsonalki jakinarazi nahi niolako errekerimendua aurkeztuko genuela. Momentu horretan onartu zidan lehenengoz akatsa zegoela, eta kontua ez da niri akatsa zegoela onartu zaidan edo ez, herritarrei beraiei ere orain arte ez zaiela onartu akatsa zegoenik baizik”. Otsailean zehar aldundiak ateratako oharra, eta Errenteria-Oreretako alderdi sozialistak argitaratutako bi oharrak aipatu zituen hori baieztatzeko: “Ez da akatsik onartu horietan, eta guztiok izugarrizko kezka eta lana saihestu izango genuke hala egin balitz, hasiera-hasieratik onartu izan balitz akatsa zegoela”.
Bi gai horiek mahai gainean jartzea ezinbestekotzat jo zuen Otaegik: “Aurreko plenoan esan zitzaigun akatsa egon zitekeela baina akatsa guria zela, irakurketa akatsa zela, gaizki irakurtzen ari ginela, alegia. Orain argi gelditu da, akatsa ez da irakurketarena, akatsa proiektuarena da. Pozten naiz ikaragarri akatsa zuzenduko delako, diputatuak konpromisoa hartu duelako eta horrek suposatuko duelako geneukan zerbitzua bermatzeko gai izango garela. Hori jarri dugu guk hasiera-hasieratik erdigunean, eta oso poztekoa da, zuek, herri eragileek lortu duzuen konpromisoa. Zorionak egin duzuen lanarengatik, berriro ere zerbitzu publikoen defentsa eta guztion interesa erdigunean jarriz. Konpromiso bat dago, bere bidea egin behar du, eta argi izan gu gainean izango garela, hori betetzen dela bermatzeko”.
Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak haserre hartu zuen hitza, alkatea mintzatu zelako mozioak behin erretiratuta. “Gaia mahai gainean utzita, ez dago eztabaidatzeko ezer. Plenoarekiko errespetu falta da alkateak egin duen hitzartzea; ez badago moziorik, ez dago eztabaidarik, eta uste dut alkate gisa duzun funtziotik kanpo gelditzen dela zure interbentzioa, gainera aipamenak eginda. Mozioak baztertuta, ez dago eztabaidarako tarterik. Plenoko buru izateko modu itsusia izan duzula iruditzen zait”. Udal idazkariari galdera zuzendu zion Palenciak, Otaegiren hitzartzeak forma akatsik eragin zuen argitzeko.
Idazkariaren ohartarazpen bat bazuen beteko zuela esan zuen Otaegik, eta aktan jasota geldituko zela PSE-EEri ez zitzaiola “egoki” iruditu alkatearen interbentzioa. Forma akatsik ez, inondik inora, idazkariak azaldu zuenez: “Ez dago berariazko debekurik alkateak adierazpen horiek egiteko, eta beraz, ulertzen da debeku espresu hori egon ezean, zilegi dela interbentzio hori”.
Hori bai, ondoren hitza hartu zuen Palenciak. Aurreko plenoan defendatutako gauza bera defendatu zuen atzokoan berriro: “Agiriak akatsa du, akats hori diputaziotik zuzenduko da, nik banekien akatsa zegoela, eta esan zitzaidan konponduko zela. Udalak hasieratik zekien akatsa zegoela dokumentu horretan. Bestalde, esan nuen udalak ez zuela alegaziorik aurkeztu. Hemen baiezkoa esan zen, baina ezetz diot berriz ere, denbora gehiago eskatuz aurkeztu zuen dokumentua, baina hori ez da alegazioa”. Urtarrileko plenoan esandakoak berretsi zituen sozialistak: “Sinistuta nago denborak arrazoia eman digula. Diputatuak berretsi du nik esandakoa, akats bat egin zela eta hura zuzentzen ari zirela. Pentsaezina zait aldundiak txertatzea Beraun izena duen linea bat bertan geltokirik jarri gabe. E15 linea PSE-EEren eskaeraz jarri zen martxan Marisol Garmendia sozialista diputatu zela, guk sustatu genuen linea hori”.
Diputatuak emandako urratsa eta egindako bilera balioan jarri zuen PSE-EEren bozeramaileak, baina hori berak esandakoa “berrestu” zuela erantsi zuen, “E15 linea mantenduko zela. Ez dut kenduko koma bat bera ere orain arte esan dudanetik. Akats bat dago eta zuzenduko da, eta udalak ez zuen alegaziorik aurkeztu”.
“Okerrak zuzentzea jakintsuen gauza”
Bernar Lemos Trafiko zinegotziak hartu zuen hitza ondoren udalak aurreproiektuari aurkeztutako alegazio orria esku artean. “Okerrak zuzentzea jakintsuen gauza da. Akatsa egiten denean, ahalik eta azkarren zuzentzea garrantzitsua da, denboran luzatzen bada beste zerbait delako. Mahai gainean daude datuak, objektiboak dira, eta jendeak gaitasuna du arrazoia eta arrazoi eza non diren ohartzeko prozesu honetan”.
Prozesuak hiru zati izan dituela azaldu zuen: “Lehenengo bi agirietan E15 azaltzen da eta hirugarrenean desagertzen da aldatutako proiektuan, ez dago akats bat, literalki E15 linea desagertzen da eta agirietara jo dezakegu. Objektiboa dena da aldatutako proiektu horretan E 15 desagertzen dela, zer gertatuko litzateke inor ohartu izan ez balitz akatsarekin? Desagertuko zela”.
Udalak aurkeztutako alegazioari aldundiak emandako erantzunari erreparatu zion Lemosek, ondoren, erakunde horrek alegazio trataera eman ziola nabarmen jartzeko Palenciaren ukazioaren aurrean, “alegazioa partzialki onartzen duela erantzun zigun, aldundiak beraz, ulertu du alegazio bat dela”.
Kalitatezko zerbitzu publikoak, erdigunean
Alegazioan egindako hiru eskaera zehatzak zeintzuk izan ziren ekarri zuen gogora Otaegik, ondoren, “azterketarako denbora gehiago, erabiltzaileen partaidetza handiagoa, eta egiten zuten proposamena egiteko erabilitako datuen diagnostikoa eskatu genituen alegazio horretan. Diputazioak alegazio izaera aitortzen dio dokumentuari eta hala bada nahiz eta zuei ez gustatu, alegazioa da. Ez duzue orain arte onartu akatsik zegoenik, irakurketa okerra eta interesatua egiten ari ginela leporatu diguzue eta oso larria da. Hasieratik esan izan bazenuten akatsa zegoela eta eramango zenutela diputatuen kontseilura zuzendu zedin, arazoa bukatuta zegoen, baina ez duzue hori esan. Kontua ez da ez didazuela niri alkate gisa akatsa zegoela onartu, ez diozue herritarrei onartu orain arte. Berandu bada ere ongi etorria onarpena, eta jar ditzagun bitarteko guztiak zerbitzua bermatzeko, diputatuen kontseilua egin beharreko zuzenketa eginez, eta gobernu taldea hartutako konpromiso horren gaineko segimendua eginez, bermatu dadin hori gertatuko dela, modifikazioa egingo dela; momentuz dagoena diputatuak sinatutako orri soil bat da” .
Bukatzeko berriz ere zorionak eman zizkien eragileei Otaegik, “egindako lanarengatik eta presio sozialaren bidez lortu duzuen konpromisoarengatik. Hori da herri honi axola zaiona, kalitatezko zerbitzu publikoak edukitzea eta zalantzan jartzen direnean defendatzen direla ikustea, oso harro egoteko modukoa da”.