Igandean, batelak Trintxerpen
Gipuzkoako Batel Ligako seigarren jardunaldia antolatu du Illunbe Arraun Elkarteak iganderako. 10:30ean hasiko dira irteten ontzi txikiak.
Gipuzkoako Batel Ligako seigarren jardunaldia jasoko du Trintxerpek igandean. Illunbe Arraun Elkartearen ekimenez, dozenaka ontzi txikik egingo dituzte kategoriaren arabera ezarritako bideak. Horietako asko Oarsoaldekoak izango dira: Illunbekoak, San Pedrokoak, San Juangoak eta Hibaikakoak. Egutegiko seigarren jardunaldia izan arren, puntuak banatuko dituen bosgarrena izango da, joan den asteburuan Tolosan egitekoa zen bosgarren jardunaldia bertan behera gelditu zelako eguraldi txarragatik.
10:30ean hasiko dira lehian batelak, erlojupeko modalitatean, banaka-banaka. Badia barruko estropada izango da. Irteera eta helmuga eremua Blas de Lezo Itsas Eskolaren parean izango da. Ziabogak, kategoriaren araberakoak: Haur Mailakoena Buenavistako nasaren ondoan jarriko dute, kadeteena Antxo-Donibane arteko badiako eremuaren erdialdean, eta Gazte Mailakoena zein seniorrena Donibaneko Nabalaldearen ondoan.
Epaileen eta arraun klubetako ordezkarien gunea Blas de Lezo Itsas Eskolaren pareko nasan jarriko dituzte. Ontziak uretaratzeko gunea, berriz, Donibanera (Nabalaldeara) lekualdatu dute, Trintxerpeko eremua Adinberri proiektuagatik obretan delako.
Orain arte, Pasaiako ontziak kategoria gehienetan nagusi izaten ari dira herrialdeko ligan. Sailkapen nagusia ikusteko, sartu hemen.