Zirikak ere ondu du bere egitaraua Martxoaren 8ari begira
Mahai ingurua, hitzaldia, bazkaria, bertso saio berezia eta DJ emanaldia antolatu ditu Oreretako Neska Gazteak biltzen dituen talde feministak.
![Zirika Neska gazteen taldeko iazko manifestazioa.](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/03/zirika-martxoak.jpg)
Zirika Oreretako Neska Gazteak talde feministak egitaraua ondu du Martxoaren 8ari begira. Lehen hitzordua, Emakumeen Nazioarteko Egunean bertan jarri du, 12:00etan eta bat egin du Ikamak deituta Herriko Plazatik irtengo den manifestazioarekin. 19:00etan, berriz, Oreretako Asanblada Feministaren manifestaziora deitu du.
Martxoaren 9an egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan hasiko dute eguna Intzirako kideekin Gaztetxean. Bazkaria egingo dute ondoren, bakoitzak berea eman behar du, baina Zirikakoek edatekoa eta kafea jarriko dute; 3 euro balio ditu eta bingo musikatuarekin biribilduko dute.
Hitzaldia antolatu dute arratsaldean, genero disidentzia izango dute hizpide Iñigo Etxezarreta eta Elene Lopetegik; 17:00etan izango da Gaztetxean bertan. ArkaHitzak saio berezia egingo dute 19:00etan. Irati Alcantiralla, Haizea Arana, Uxue Alkorta, Irantzu Idoate bertsolariak ariko dira eta Jare Antzizar izango da gai jartzailea. Ginga jartzeko, DJ LiatuGarete ariko da Arkaitzan.