Lezoko EAJ: "Ezin dugu onartu herriak atzera pauso gehiago ematea"
Jeltzaleek batez ere herriaren garbitasunean jarri dute fokua: "Tamalgarria da herriko kaleek maizegi erakusten duten arretarik eza".
Lezoko edukiontzi eremu baten irudia. Argazkia: Lezoko EAJk bidalitakoa. Lezoko EAJk herriaren hainbat arlotan “babesgabetasun eta zikinkeri egoera” dagoela adierazi du. Fokua bereziki garbitasunean jarri du. “Tamalgarria da herriko kaleek maizegi erakusten duten arretarik eza. Zaborra edukiontzien inguruan ikusten da, garbitzen ez diren grafiti ugari daude eta jasotzen ez diren kartelak dira arazoa besteak beste”, azaldu du udal taldearen bozeramaile Laura Martinezek. Egoerari aurre egiteko garbiketa zerbitzua “berrantolatu” dezala eskatu dio alkateari, “eta horrekin nahikoa ez bada, txanda gehiago ezarri beharko lirateke garbitasuna mantentzeko eta Lezoren irudia ez degradatzeko”.
Soluzioaren bidean, elkarlanerako deia egin du EAJk: “Eragile sozial eta politiko guztien parte hartzea ezinbestekoa baita egoera larri hau desagerrarazteko. Gure eskua prest dago Lezoren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, akordioari eta elkarrizketari ekiteko. Ezin dugu onartu herriak atzera pauso bat gehiago ematea, alderdi batzuek premiazko hobekuntza eskatzen dute herritar guztiei ongizatea errazteko”.
“Zikinkeria egoera orokorra”dela uste du EAJk. Horren harira, udal gobernuari ardura eskatzeaz gain, herritarrei ere dei egin diete arreta jar dezaten herriaren garbiketan: “Guztiok kontzienteki jardun behar dugu Lezo ahalik eta garbien mantentzen saiatzeko, garbiketa zerbitzua errazteko”.
Garbiketarenaz gain, beste hainbat gabezia atzeman dituzte jeltzaleek. “Askotan farolek ez dute behar bezala funtzionatzen, entzumen desgaitasuna duten pertsonentzako semaforoak ez du soinurik egiten, eta bainu publikoek sei hilabete baino gehiago pasa dituzte itxita”. Beraz, horiei guztiek udal gobernuaren partetik “erantzun egokia” behar dutela azaldu dute.
