Txile, Pasaia Itsas Festibaleko ohorezko gonbidatua
Festibalaren hirugarren ekitaldia maiatzaren 9tik 12ra egingo da, eta Txilek bere itsas kultura ezagutaraziko du egun horietan.
Pasaia Itsas Festibala gainean da. Bi urtean behin itsas kulturaren bueltan egiten den jaialdia maiatzaren 9tik 12ra egingo da Pasaiako badian. Aurtengoa jaialdiaren hirugarren ekitaldia izango da, eta urtarrilean aurkeztu zituzten ildo nagusiak Madrilgo Fitur Nazioarteko Turismo Azokan. Gaur, ordea, ohorezko itsas kulturaren gonbidatuaren berri eman dute Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Herrialde gonbidatua Txile izango da, eta bere itsas kultura ezagutaraziko du festibalak irauten duen denboran.
Teo Alberro Pasaiako alkateak eta festibaleko presidenteak adierazi du “jaialdiaren izaera kulturala” bultzatzeko ahalegina egingo dutela, “festibalak Pasaiako itsas kultura eta historia aberatsa aitortzeko balio dezan”.
Xabier Agote Albaolako presidenteak eta festibaleko zuzendariak Txile, Euskal Herria eta Pasaiaren arteko loturaz hitz egin du: “Duela urte batzuk, Txile itsas ondarearen arloan egiten ari den lana gertutik ezagutzera gonbidatu gintuen Txileko Concepcion Unibertsitateak. Ondare zirraragarri hau balioan jartzeko gogoz eta kemenez jende asko ari da lanean. Txilerekin eta festibalaren bitartez sortu den lankidetza honi esker, gure historiatik gehiago ikasi dugu, Txilen oso ezagunak diren eta hemen erabat ahaztuta dauden pertsonaia historiko berriak ezagutuz; hala nola Jose de Moraleda y Montero pasaitarra”.
David Candelario Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendariak honakoa nabarmendu du: “Beti da albiste ona gure portuarentzat Pasaiako Itsas Festibala ospatzea. Aurten Txile izango da ohorezko gonbidatua eta herrialde horrekin lotzen gaitu, besteak beste, altxor arkeologiko batek: San Martin itsasontzia, Pasaian eraikitako ontzia, portuak betidanik izan duen gaitasun industrialaren isla”.
Eusko Jaurlaritzaren izenean Aroa Jilete Turismo eta Ostalaritza zuzendaria izan da Pasaian, eta festibalak zuzentzen duen departamentuaren helburuekin bat egiten duela zehaztu du: “Ekitaldi honek turismo fluxuak lurralde osoan banatzeko helburua duen gure desestazionalizazio eta deszentralizazio estrategiarekin bat egiteaz gain, defendatzen dugun turismo arduratsu eta jasangarriarekin bat egiten du”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaria Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatua izan da. Turismoa “jarduera iraunkorra” izatea nahi dutela adierazi du: “Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko departamentuan, Gipuzkoako turismo jarduera desestazionalizatzearen eta deslokalizatzearen alde lan egiteaz gain, turismoa jarduera iraunkorra izatea nahi dugu, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita gure jendea errespetatzen duena ere. Pasaia Itsas Festibala bezalako ekitaldiak ezin hobeto egokitzen dira estrategia honekin”.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan egin bezala, Lurraldebus zerbitzua indartuko dutela aurreratu du, “jaialdiaz gozatu nahi duten gipuzkoar eta bisitari guztiak Pasaiara garraio publikoa erabiliz hurbil daitezen”.
Txileko ordezkariak ere presente egon dira gaurko agerraldian, online bidez. Honakoa baietsi du Felipe Leon Gabrielli Los Lagos eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionaleko eskualdeko zuzendariak: “Txiletik Euskal Herrira, Amerika hegoaldeko itsasoetako kultura, praktika eta tradizio mestizoak izango ditugu Pasaia Itsas Festibalean. Programaren helburua Txileko itsas ondarea erakustea izango da, ontzigintza tradizionalaren, bela nabigazioaren, gastronomia kulturalaren eta txiletar musikaren bidez”.
Azkenik, Javier Velasco Villegas Txilek Espainian duen enbaxadoreak hartu du hitza: “Eskerrak eman nahi nituzke, Txile festibaleko ohorezko itsas kultura izatera gonbidatzeagatik eta gure kultura, ondare eta gastronomiaren zertzelada bat erakusteko aukera emateagatik. Ekoizpen eraldaketa prozesuak eta gure bokazio aldeaniztunak itsasora garamatzate, eta, honek, Escuela Esmeralda itsasontziak bere 70. urteurrenean egingo duen etorkizuneko bisitak bezala, ekonomia urdinari egiten diogun ekarpenaren eta gure ondare immateriala balioan jartzea ahalbidetuko digu”.
Egitaraua
Maiatzaren 9tik 12ra Txilek bere itsas kultura ezagutaraziko die Pasaiara gerturatzen dien bisitariei. Alde batetik, Hego Amerikako itsasoetako musika tradizionalaz gozatzeko aukera eskainiko du festibalak. Akordeoia, ahotsa, gitarra, danborra eta quijada izango dira Txileko musikaren erakusgarri.
Bestetik, gastronomia eskaintza ere egongo da, eta Txileko plater tradizionalak dastatzeko aukera izango da. Horren adibide da Curanto ezaguna, itsasoko kultura gastronomiko txiletarreko plater tradizionala, askotariko itsaskiez osatua.
Euskal Itsas Museoarekin elkarlanean, hitzaldi sorta bat egingo da historia partekatuaren atal nabarmenetako batzuei buruz.
Azkenik, berritasun gisa, Txileko ordezkari batzuk Pasaian izango dira festibalaren aurretik. Zehazki, Albaola Itsas Kultur Faktorian gauzatuko dute beren egitekoa Pasaian izango diren Txileko ontzigile tradizionalek. Ontzi txiletar txiki bat eraiki dute.