"Eraldaketa feministak" eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko "zorra" aitortu du udalak
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala egin du udalak gaur. Oreretako Mugimendu Feministak gaur 19:00etan deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu ditu herritar guztiak.
Errenteriako Udaletxeko balkoia, bart. Gaurko egunaren harira, adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak. Emakumeen Nazioarteko Egunean, historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortu du, “bai genero agindu eta genero estereotipoen aurkako erresistentzietan, bai mugimendu feministaren borroka kolektiboetan”.
Sistema patriarkalaz mintzo da ondoren adierazpenean, eta agerian jarri du, horrek, emakumeen ideiak ikusezin bihurtu eta haien aktibismo politikoa eta soziala ukatu dituela, “beraien aldarrikapenak isilaraziz, eta komunitateen aldeko lorpenek ebidentziak ezabatuz”. Hori gutxi balitz, sistematikoki ezkutatu direla jatorri eta tradizio kultural ezberdinetako emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpena ere nabarmendu du.
Fokua, berriz, adineko emakumeen egungo belaunaldian jarri du zehazki udalak. Izan ere, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua da belaunaldi hori bere aburuz: “sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu dute belaunaldi hori, eta ikusezintasun hori ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen ari da: prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun arazoak, eta indarkeria matxista motak, hala nola”.
Emakumeen ahalduntze prozesuak tradizio teoriko, politiko eta filosofiko feminista baten oinordekotzat hartzea eskatzen duela dio udalak, eta hori horrela, ziur da adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarri dela memoria historikoa erreparatzeko, “konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko”.
Genealogia feminista ikusarazi
Ezinbesteko lana udalarentzat, erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, “genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeen historian izandako ahanzturak konpontzeko. Udalak izanik herritarrengandik hurbilen direnak, aukera eta erantzukizuna dute historia hori tokiko eremuan berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari ematen dioten balioa aitortzeko”.
Horrenbestez, Errenteriako udalak hamar konpromiso zehatz hartu ditu aipatutako guztiak bermatzeko bidean urrats sendoak egiteko —albiste amaieran daude zerrendatuta konpromiso horiek guztiak— eta gaur arratsaldean Oreretako Mugimendu Feministak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak. Manifestazio hori, 19:00etan abiatuko da Herriko Plazatik.
Errenteriako Udalak hartu dituen konpromisoak:
- Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzen jarraitzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.
- Mariasun Landa sariak antolatzen eta ikusgarritasuna ematen jarraitu, herriko emakumeek egindako ekarpenetan sakontzen jarraitzeko, izen propioak argitara ekarri eta balioan jartzeko.
- Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten laguntzea eta hauen ibilbideak balioan jartzea.
- Herriko emakumeen parte-hartze sozio-politikoaren memoria jasotzea.
- Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.
- Errenteriako talde feminista eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jardutea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko, Berdintasunerako kontseilua horretarako baliatuz
- Errenteriako emakumeei ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazio eta baliabideen eskaintza areagotzea, Eskola feministaren eskaintzan sakonduz eta Emakumeen Etxeko programazioa indartuz.
- Errenteriako Emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoan sakontzea
- Auzoetako emakumeekin elkarlanean jarraitzea eta haien 40 urteko ibilbidearen aitortza jasoko duen proiektua gauzatzea
- BERDINSAREA sarearen bidez, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea.
