Indargune bat du Pasaiak: kirola
Pasaiako Kirol Gala 2023an ondoen ibili diren kirolari edo kluben aitortza ekitaldia baino askoz gehiago izan zen. Emozio asko Juanba Berasategin.
Indargune asko ditu Pasaiak, askotarikoak. Aberatsa da herria, bereziki, herriko talde, elkarte eta eragileen inplikazio eta lanagatik. Herria egiten dute horiek guztiek. Baita kirol klubek eta norbanako kirolariek ere. Indargune bat du Pasaiak: kirola. Atzo hori nabarmendua baino gehiago gelditu zen Pasaiako Kirol Galan. Lepo bete zen Donibaneko Juanba Berasategi aretoa ospakizun, aitortza, errekonozimendu eta harrotasun demostraziorako. Txandal gutxi atzo ekitaldi hartan. Irribarre eta emozio asko, ordea. Eskubaloi eta itsaso usaina izan zuen batez ere atzoko ekitaldiak.
Banakako eta taldekako aitortzak izan ziren atzokoan. Arrastoa utzi dutenen, uzten ari direnen, edo utziko dutenen festa izan zen. Arrastoaren kontzeptua ulertuta ez Pasaiako eremu geografikoan bakarrik. Baita Euskal Herrian, eta zergatik ez, planetan ere. Izen handi asko, dominadun ugari, kirol balentriak lortutakoak gehienak. Baina kirolaren espresio xumeenean egunerokoan borrokan ari direnak ere igo ziren oholtzara zegokien saria jasotzera. Luisma Laboa aurkezleak den-denak igoarazi zituen, izen eta abizenekin, haien lorpen eta desioekin. Emandako oroigarriak zituztela hitz egin zuten gorazarrea jaso zutenek. Gauza bat garbi gelditu zen: jarrai dezatela euren kirol espezialitateetan sendo, jendaurrean hitz egitea ez baita haien dohainik onena (gehienena, denena ez). Tira, kirolean bezala, entrenatuz horretan ere iaio izango dira herriko kirolariak. Aimar Etxaide Pasaia Musikaleko ikasleak pianoaren doinuak ekarri zituen Donibaneko kulturgunera.
Harira. Teo Alberro alkateak jarri zituen sariketaren testuinguruan Juanba Berasategin bildutakoak. Esan zuen ekitaldiaren helburua ez zela bakarrik talde eta norbanakoek egindakoa aitortzea. Nabarmendu zuen Pasaia aktiboa eraikitzeko bidean urratsak egitea ere bazela galaren zioa. “Horie ez dute soilik posible egiten egunerokoan kirol jardunean murgilduta dauden klubek. Horiei bultzada ematen diezuen sustatzaile ekonomiko, ikusle eta zale sutsuek ere baduzue horretan zer esan”. Udal agintariak azaldu zuen Pasaiako kirol programazio zabala duela, eta udaleko Kirol Sailak Pasaia Badia Aktiboa estrategia darabilela herri osasuntsu, aktibo eta kirolzalea izateko bide-orri bezala. “Programa horren proposamenek, Eskola Kiroleko jarduerek, eta udal instalazioetako kirol eskaintzak etengabeko mugimenduan dagoen herria bihurtzen dute gurea, harmailetan nahiz zelaietan. Eskerrak eman nahi dizkizuet Pasaiako Udalaren izenean klubetako egituretan zaudeten guztiei kirolaren balio positiboak zabaltzeko egiten duzuen lanagatik: etengabeko hobekuntza grina, aniztasunaren zaintza, integrazioa, eta lankidetza. Mila esker. Zorionak denei”.
Saridunak
Alkatearen hizketaldiaren ondoren hasi zen oholtzako kirolarien ‘desfilea’. Oroigarriak Pasaiako Udaleko alderdi politiko guztietako zinegotziek eman zizkieten horiei denei 2023an lortutakoengatik, edo egindako lanarengatik. Atalka eman zituzten sariak. Honakoa laburpena:
Kirol ibilbideari aitortzak
- Gabriel Vieirori, CA Trintxerpeko kideari, herri lasterketen alde herrian eta Euskal Herrian egindako lanagatik.
- Juantxo Albisuri, Pasaia Kayak-ekoa, taldearen sortzaileetakoa izan zelako, eta aldi berean, euskararen presentzia kirol horretan berma dadin egindako lanagatik.
- Aritz Perezi, Donibane Eskubaloian urte luzez lehian eta taldea indartzen aritzeagatik.
- Xabier Manzisidorri, Manchester City taldeko atezainen entrenatzaileari, bere ibilbidean eta bereziki Manchesterreko taldean lortutako guztiagatik, eta “munduan Pasaiaren enbaxadore” izateagatik. Bideo bidez helarazi zuen esker mezua Manzisidorrek, behean ikus daiteke bideo hori. Felipe Manzisidor aitak jaso zuen haren izenean saria.
Klub nabarmenduak
- Antxo Areto Futbola. Gipuzkoako Kopa irabazi zuen bigarrenez kirol taldearen lehen taldeak, Gazte Mailako jokalari askorekin. Alberto Ferreresek eta Sheila Lagok jaso zuten saria.
- Donibane Eskubaloia. Gipuzkoako Lehen Mailara igo ziren iaz berriz ere. Taldekideen izenean Jon Telleriak, Andoni Benjumeak eta Urtzi Uriak jaso zuten saria.
- Sanpedrotarra Arraun Elkartea. Iaz KAE1 Liga irabazi, Eusko Label Ligara igotzeko kanporaketa irabazi, eta beraz, gizonen arraunaren goi mailara iritsi zen klubaren gizonen trainerua. Aurten ariko dira Eusko Label Ligan. Klubaren izenean Asier Carballeda, Maider Delgado eta Alvaro Rodriguez izan ziren agertokian.
Kirolari nabarmenduak
- Loren Jauregi eta Ibon Arrieta, Sanpedrotarra Arraun Elkartekoak. Lehena ergometroan Gipuzkoako Txapeldun izan da, eta Europako Txapelketan zortzigarren izan zen. Arrietak ere ohorezko postu asko lortu zituen ergometroan.
- Anartz Alonso, Ioar Alonso, Iker Lizaso, Lander Rodriguez, Txema Yarza, Ramon Vega eta Roland Labeau, Pasaia Kayak Kirol Klubekoak. Iaz, hemen eta han, garaipen eta ohorezko postu asko lortu zituzten Pasaiako izena harro eramanez.
- Jon Porta, Xanju Kirol Klubekoa. 16 urtetik beherakoen hainbat txapelketetan oso fin ibili zen iaz korrikalari gaztea, garaipenak eta ohorezko postuak lortuz.
- Nora Lopez, Atletico San Sebastian taldeko piraguismoko ur bizietako kirolaria. Sekulako urtea izan zen iazkoa harentzat. Jaione Agirreurreta amak jaso zuen haren partez saria.
- Markel Amat Fortuna Kirol Elkarteko eskrima kirolari sanpedrotarra. Euskal Herri eta Espainia mailako hainbat garaikur irabazitakoa da, eta besteak beste, Napolin (Italia) egin den Europako Txapelketan lehian izan da, Kadete Mailan.
Aipamen bereziak
Aipamen berezien unea esan daiteke galaren bihotza izan zela. Bertan, iragana, oraina eta etorkizuna batu ziren, emakumeen eskubaloiari lotuta beti ere. 1974. urtean Emakumeen Ohorezko Mailara igo zen CD Pasajes taldeko emakumeak omendu zituzten (ondorenean Pasai Antxio izena hartu zuen taldeak).
Emakumeen kirolean bidea urratu zuten emakume horiek: 1965an sortu zuten Alkartasuna elkartearen barruan eskubaloi taldea, 1966an hasi zen lehian (urte hartan jada Gipuzkoako txapeldun izan ziren), eta 1973an CD Pasajesen babesa jaso zuten taldearekin aurrera egiteko. 1974. urtean aurrean izan zuten den-dena irabazi, eta Espainiako Ohorezko Mailara (emakumeen eskubaloiko estatuko mailarik gorena) igo ziren, euren joko-zelaia Antxoko Biteri plazako pista zelarik. Ondoren, Pasajesek (gaur egun Pasaia KE) taldearen gastuei ezin aurre egin, eta euren kabuz sortu zuten Pasai Antxio taldea: emakumeen Gazte Mailako taldea ere eratu zuten aro hartan, baita gizonen taldea ere. Talde hura, batez ere Pasaiako eta inguruko emakumeez osatua, 1978ra arte izan zen gorenean. Emakumeen kirola ia existitzen ez zen garai hartan erreferente ukaezina izan zen taldea, Pasaian, eskualdean, herrialdean eta Euskal Herrian. Isabel Etxezarretak jaso zuen oholtzara igo ziren taldekide guztien izenean saria. Harro, emozionatua, irribarrearekin, bikain egindakoarekin lasaitasunarekin mintzatu zen atzokoan. Alboan izan zituen taldekideak, baita garai hartan Gazte Mailako taldea osatu zutenak ere. Familia bat izan zen kluba, eta hala dira gaur egun.
Antxoko taldearen ondora, egun Pasaian federatua dagoen emakumeen kirol talde bakarreko kideak igo ziren. Donibane Eskubaloia klubeko Gipuzkoako Lehen Mailako taldekoak. Lehenengoz ari dira lehian, lehen urtea da taldea martxan dela. Kirol arloan egokitzapen fasean daude oraindik. Baina galan jasotako aitortza merezitakoa izan zen, eta Nekane Mindegia ordezkariak esker on mezuak zabaldu zituen. Esker on, eta inguruan zituen jokalari ohienganako miresmen hitzak. Izan ere, Lourdes Mariezkurrenak eman zion hari oroigarria, kirolari historiko sanjuandarra hura. Bat-batean, Pasaiako emakumeen kirolaren iraganak eta etorkizunak bat egin zuten aretoan. Une magikoa izan zen. Batzuentzat oroitzekoa, besteentzat etorkizunera begira indarberritzekoa. Hiru emakume belaunaldik bat egin zuten, eskubaloiari eta euren aurrera egiteko grinari esker.
Segidan, galaren laburpen grafikoa argazki bidez, eta Xabier Manzisidor sanjuandarraren esker mezuaren bideoa.