[Erreportajea] Azterketak euskaraz egiteko eskubidea omendu du Korrikak
Korrikak Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu zuen urtarrilaren 25ean Hondarribian. Lander Garrok talde horren berri ematen duen ‘Oihaletxea’ dokumentala zuzendu du Korrikarako.
Lander Garro idazle eta dokumentalista oreretarra da. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko guraso ere bada, eta lehen pertsonan bizi du euskarak Ipar Euskal Herrian jasaten duen bazterkeria egoera. Bere ibilbide profesionalean hainbat lan gauzatu ditu, eta bere azken zeregina 23. Korrikarako propio sortu duen dokumental bat da, Oihaletxea izenekoa. Dokumentalean Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboaren berri eman du, eta AEKren Youtube kanalean dago ikusgai.
Kolektibo horretan sakondu aurretik, komeni da han bizi duten egoera testuinguruan kokatzea. Seaskako ikasleek D ereduan, hau da, euskaraz, gauzatzen dute ikasketa prozesu guztia. Frantziako Estatuan badira ikasleek derrigor egin behar dituzten bi azterketa: Brebeta eta Baxoa. Brebeta DBH3 bukatuta egiten duten froga da, eta Hego Euskal Herrian ez du baliokiderik. Baxoa, aldiz, Batxilergoa bukatzean ikasleek pasa behar duten azterketa da, hegoaldeko selektibitatearen parekoa.
Ipar Euskal Herriko ikasle horiek ikasketa prozesu osoa euskara hutsean egiten badute ere, azterketa horiek frantsesez egitera behartuak daude. Ikasgelan ez dute frantsesa erabiltzen, baina beren etorkizunerako funtsezkoak diren azterketa horiek frantsesez egitera derrigortuak daude; gainera, azterketa batek sortzen duen urduritasunarekin. Garrok jakinarazi du Brebetarekin «gorabeherak» izan direla, batzuetan utzi izan baitiete azterketa hori euskaraz egiten, baina Baxoarekin Frantziako administrazioak «inoiz» amore eman ez duela nabarmendu du.
Proba horiek erabiltzen ez duten hizkuntza batean egitea «inpaktu handiegia» denez, ikasleek azken ikasturtean «trebakuntza fase» moduko bat pasatzen dutela zehaztu du, azterketara egokitzeko. «Alegia, azken ikasturte hori erabat baldintzatzen du azken azterketa horren hizkuntzak», esan du Garrok.
Azterketak Euskaraz proba horiek euskaraz egitea aldarrikatzen duen kolektiboa da. Talde hori Seaskako ikasleek, irakasleek eta gurasoek osatzen dute. Garrok adierazi du beren egitekoa dela «antolatzea» eta «protesta» egitea, Frantziako administrazioa «ahalik eta gehien» presionatzeko eta baldintzatzeko, helburu argi batekin: azterketa horiek euskaraz egiteko eskubidea izatea. Talde independente eta autonomo gisa sortu arte, ikastolek gauzatzen zuten egun Azterketak Euskaraz kolektiboak daraman borroka. Momentu batean, ikastolak politikoki presioa egiteko «erreminta nahikorik» gabe geratu zirela esan du Garrok, eta Azterketak Euskaraz taldeak ikastolen mugimenduari «ekintzak egiteko aukera» ematen diola zehaztu du.
Prozesua, beratik bertara
Dokumentalista oreretarrak Korrikarako propio sortu du Oihaletxea, AEKren enkarguz. Dokumentaleko protagonistak Seaskako ikasleak, irakasleak eta gurasoak dira; batez ere ikasleak, haiek baitira «protagonista naturalak», haiei eragiten die bereziki arazoak. Oreretarrak lekukotzen bidez jaso ditu protagonisten ahotsak, egoera esplikatzeko eta testuingurua kokatzeko. Garrok Azterketak Euskaraz taldearen «existitzeko arrazoia» kontatu du. Zuzendariak bertatik bertara» erakutsi du zein den egoera, «oso garrantzitsua» iruditzen baitzaio «in situ» egotea eta gertatzen ari den hori momentuan kontatzea.
Garrok bi premisa izan ditu kontuan dokumentala egituratzeko garaian: zer den azterketa egitea, eta zer den mobilizatzea. Alde batetik, ikasleekin batera izan zen Baionan azterketaren egunean. Bestetik, ikasleek bizikleta martxa bat egin zuten Bordeletik Baionara, eta Garro haiekin izan zen, haiekin konpartitu zuen mobilizazioa. «Bertatik bertara dokumentatu dut zein den arazoa eta zer egiten duten, eta nola antolatzen diren arazo horri aurre egiteko».
Dokumentalistak argi du «adar askoko» arazoa dela honakoa, arazo politiko eta administratiboa baita, ikasleez harago doana, «inposizio politiko bat» delako. Hala ere, Garrorentzat interesgarria izan da ikasleak izatea protagonistak, haiek baitira «biktimak», eta mobilizazioetan inplikatzen direnak.
Garro pozik da azken emaitzarekin. Adierazi du erabateko askatasuna izan duela dokumentala sortzeko. AEKren eskutik joan bada ere, bere irizpideak eta «instintuak» jarraitu ahal izan ditu.
Korrika, taldearen bozgorailu
Azterketak Euskaraz kolektiboaren eta Korrikaren aldarrikapena bera dela esan daiteke: euskara. 23. Korrikak, gainera, Azterketak Euskaraz taldea omendu zuen Hondarribiko Itsas Etxean urtarrilaren 25ean, eta Korrika haien «bozgorailu» izango dela ziur da Garro.
Horrez gain, oreretarrak aipatu du bere ustez Hego Euskal Herrian «utzikeria» eta «ezjakintasuna» daudela iparraldean bizi duten egoerarekiko. Garrok azaldu du hegoaldean jendeak badakiela Ipar Euskal Herrian «arazoak» dituztela euskararekin, baina askotan arazoaren azalean gelditzen direla. Hori dela eta, Korrikak Seaskako ikastolei haien egoera hobeto esplikatzeko aukera emango diela baietsi du: «Taldeari hegoaldeko gizartean dagoen iragazgaiztasuna hausteko aukera emango dio Korrikak».