Illunbe akordeoi orkestraren doinuak, ermitan
Larunbatean izango da kontzertua, 20:00etan hasita. Maria Magdalenaren Lagunak elkarteak antolatu du emanaldia.
Maria Magdalenaren Lagunak elkarteak antolatuta, Illunbe akordeoi Orkestrak kontzertua egingo du larunbatean Madalenaren ermitan. 20:00etan izango da emanaldia.
1985ean sortu zuten orkestra, Pasaia Musikala Fundaziokoa da eta Jose Juan Zubillagak zuzentzen du. Hamasei lagunek osatua, akordeoia da instrumentu nagusia, eta ahots ezberdinetan banatuta daude, abesbatza balitz bezala, eta bi instrumentu elektronikok laguntzen dute baxu elektriko batek, eta akordeoi elektriko batek. Perkusioa ere badute lagun emanaldietan.
Idoia Zabaleta orkestrako kideak azaldutakoaren arabera, kontzertuan entzungo den akordeoi klasikoak beste instrumentu batzuen antzeko soinuak egiteko mekanismoak ditu: “Biolina, biola, klarinetea, hala nola”. Taldeak bi disko grabatu ditu, Illunbe akordeoi orkestra eta Haizeari.
Larunbateko emanaldirako ez dute programa klasikorik aukeratu, eta tradizionalean zein filmetako soinu bandetan oiarritutakoak eskainiko ditu taldeak; nabarmentzekoa da, Queen taldearen Bohemian Rapsody, izan ere, obra hori osorik emango dute larunbateko kontzertuan.