Papergabeko baina euskaradun
Egoera irregularrean dauden pertsonen euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu dute Korrika Kulturalaren testuinguruan. Egun, halako egoeran diren zazpi ikasle daude Oarsoaldeko AEK euskaltegietan.
Euskal Herrian egoera irregularrean dauden pertsonen euskara ikasteko eskubidea aldarrikatzen duen Paperezko bizitzak adierazpena egin zuten publiko AEK-k eta Irungo Harrera Sareak joan den otsailaren 16an. Hizkuntzak mugarik gabe nazio ekitaldian egin zuten adierazpen hori, paperik gabeko pertsonen euskara ikasteko eskubidea erdigunean jarri, eta botere publikoei eskubide hori bermatzeko eskatzeko, herritarrei ezagutza doan eskainiz. «Inor kanpoan utziko ez duen konpromisoa» eskatu zuten.
Ekitaldi horretan jakinarazi zuten euskara ikasteko eskubiderik ez dutenen kopurua hazten ari dela urtez urte, eta aldarrikatu inor ez dela ilegala: «Eskubide guztiak denontzat dira, eta existitzen ez denak ezinezko du gainontzeko herritarroi zor zaiguna eskatzea». Errealitate horri erantzuteko eta aldarrikapenetik ekintzetara jauzia eginda, egoera irregularrean dauden ikasleei eskolak ematen hasi da AEK.
Egoera irregularrean diren zazpi ikasle ari dira gaur egun Oarsoaldeko AEKren euskaltegietan, eta horietako bi dira Abi eta Viole [abizenik ez dute eman]. Paperik gabeko pertsonak dira, Errenteria-Oreretan bizi dira, eta berehala erabaki zuten bertako komunitateko parte izateko oinarrizkoa zutela komunitatearen hizkuntza, euskara, ezagutzea. Erabaki eta egin. Xenpelar AEK euskaltegian ari dira biak, oinarrizko mailan, euskararekin lehen hartu-emanak egiten.
Kolonbia eta Hondurastik etorriak
2022ko irailaren 8an iritsi zen Viole Euskal Herrira; Kolonbiakoa da eta 48 urte ditu. Abi, 2023ko irailaren 7an heldu zen Euskal Herrira. Honduraskoa da bera, eta 19 urte ditu. «Bikotekidearen bidez izan nuen euskararen berri —azaldu du Violek—. Kolonbiatik deitzen nion, eta iritsi aurretik banekien hemen euskaraz hitz egiten zela. Hitz batzuk esaten zizkidan berak, ez asko. Eskolan ikasi zuen dakien gutxia, eta hona etorri nintzenerako ezagutzen nuen dagoeneko hitzen bat. Administrazio kudeaketa ikasketak egiten hasi nintzen, eta orduan erabaki nuen euskara ikastea».
«Bertan bizi gara, hau da gure komunitatea, eta uste dut oso garrantzitsua dela euskara ikastea»
Viole, Euskara ikaslea
Aitortu du kosta egin zitzaiola euskara ikasteko leku egokia aurkitzea. «Batean eta bestean galdetu eta inork ez zidan argibide askorik ematen. Internet bidez hasi nintzen bilaketa egiten, eta hor azaldu zitzaidan AEK; horrela iritsi nintzen euskaltegira, Xenpelar AEKra, zehazki. 2023ko otsailean eman nuen izena, baina ikasturtea hasita zegoenez, kurtso berrian izena emateko aholkatu zidaten, eta hala egin nuen».
Hizkuntza «arrotz» bat entzun zuen hona iritsi zenean Abik. «Entzuten nituen agur, eskerrik asko… Ulertu ez eta atentzioa ematen zidaten hitz solteak. Amak esan zidan orduan hemen euskara izena zuen hizkuntza hitz egiten zela. Anai-arreba txikiak ditut, haiek hemen eskolaratuak daude ni iritsi aurretik, eta haien bila joandakoan ere entzuten nuen euskara eskola inguruan. Amak ikasi nahi ote nuen galdetuta, berehala esan nion baietz, ez nuen zalantzarik izan. Xenpelar AEKra deitu eta pasa den urrian hasi nintzen ni ere».
Ikasketa prozesuarekin, pozik
Ikasketa prozesuarekin pozik daude biak. Violerentzat ikaragarrizko urratsa izan da komertzioen kanpoaldean edota autobus geltokietan ikusitako hitzetako askoren esanahia ulertzea: «Gauza gehiago identifikatzen ditut, eta zirrara sortzen dit horrek, prozesua oso produktiboa izaten ari da». Iritzi berekoa da Abi: «Oso pozik ari naiz, oso gustura ikasten. Hizkuntza berri bat, bertakoa, ezagutzearekin batera, jende berria ere ezagutzen ari naiz. Ikaragarri ederra da hizkuntza berri bat ezagutzeko aukera izatea, hizkuntza horrek berak aukera berrietarako ateak zabaltzen dizkigulako». Argi dute biek. «Euskara ikasteak komunitatearen parte izan eta sentitzeko aukera eman digu».
«Entzuten nuen ‘agur’, ‘eskerrik asko’… Ulertu ez eta atentzioa ematen zidaten hitz solteak»
Abi, Euskara Ikaslea
Harago doa Viole. «Jende askok pentsa dezake soilik Euskal Herrirako balio duela euskarak, hemendik ateraz gero ez duela ezertarako balio, eta orduan ez duela merezi ikasteak. Gu bertan bizi gara, hau da gure ingurunea, gure komunitatea, eta uste dut oso garrantzitsua dela euskara ikastea». Aurretik aipatu duen ideia berari erreparatu dio Abik, «euskarak leiho berriak irekitzen dizkigu, eta oro har aukerak zabaldu».
Ikasteko gogoa, gakoa
Euskara hizkuntza zaila dela oso zabalduta dago. Zailtasunak zailtasun, gakoa gogoa dela uste dute bi ikasleek. «Aitortu behar da aditzak zailak direla, korapilatzen den hitzen bat ere bada; hala ere dena prozesu bat da. Poliki-poliki zentzua hartzen du denak, eta urrian ez genekizkien gauza ugari ikasi ditugu hilabete gutxi batzuetan».
«Ikasteko nahia da osagairik garrantzitsuena. Interesa baduzu, egingarria da»
Viole, Euskara ikaslea
Abirentzat hasiera erraza izan zen: «Erraza iruditu zitzaidan hizkuntza, baina orain zailtzen ari zait aditzekin». Hala ere, «nahi izatea» dela ikasteko akuilurik onena sinistuta daude: «Hizkuntza denek dute bere zailtasuna, ingelesak, frantsesak, alemanerak… Euskarak ere bai, noski. Ikasteko nahia da osagairik garrantzitsuena. Interesa baduzu, egingarria da».
Oraintxe gai dira bi ikasleak euren burua aurkeztu, nongoak diren edo zenbat urte dituzten euskaraz esateko, baita kalean irakurtzen eta entzuten dituzten hitz asko ulertzeko ere, «satisfazio handia da, eta hasieran genuen ikasteko gogoa biderkatu egiten du. Asko ikasten ari gara».
Euskal komunitatearen bihotzean
Euskaltegian hasi direnetik euskara gertuago dute, esku-eskura, eta euskal komunitatearen bihotzean ere sartu dira. Azken horrek, euskal komunitateak, «zoratzen» duela aitortu du Violek: «Ikaragarri gustatzen zait zuen artean euskaraz hitz egiten entzutea eta orduan pentsatzen dut noiz ahalko dudan horrela hitz egin, noiz hartuko dudan halako jarioa. Euskal hiztunek hitz egiteko doinu ederra duzue, eta desiratzen nago ni ere hala hitz egiten hasteko».
«Hizkuntza ederra da euskara, eta bizitzan aukera berriak
zabaltzeko gakoa»
Abi, Euskara ikaslea
Anai-arrebekin eta ingurukoekin komunikatzeko tresna da euskara Abirentzat, eta etorkizunera begira jarrita, lanerako tresna ere izatea nahi du: «Nire anai-arrebak urtebete zutela iritsi ziren hona, eta euskaraz egiten dute. Badut, beraz, mintzapraktika egiteko aukera». Violek, berriz, ikasitakoa bikotekidearekin partekatzen du gauero, bien artean errutina batzuk sortzeko euskaraz: «Lagunekin ere partekatzen ditut ikasten ditudanak unean-unean». Ikasitakoa praktikara eramatea garrantzitsua dela dio. «Nik egunerokora eraman ditut euskaltegian ikasitakoak, eta egun on, arratsalde on, kaixo, agur edota eskerrik asko nire errutinaren parte bihurtu ditut, nahiz eta batzuetan gertatu zaidan egun on edo arratsalde on esan, eta inork ez erantzutea».
Euskal Herria, euskal komunitatea, eta euskara berria dute, baita Korrika ere. Euskararen alde egiten den lasterketa herrikoi handia dela badakite, baina inoiz ez dute bizi, aurten izango dute sortzen duen zirrara bertatik bertara sumatzeko aukera, eta horretarako ere gogotsu daude biak: «Oso gauza ederra dela iruditzen zaigu. Ez dakit zenbat korri egingo dugun, baina bertan izango gara hilaren 23an herritik pasatzen den momentuan».
Astean lautan eskolak
Ikasitako hitz bat aukeratzeko eskatuta, berehala bota du Abik bere kuttunena, «haizea». Violek zerrenda luzeagoa egin du, «atsegina, berritsua, bikote, polita, ados, mesedez… Eta asko-askotan errepikatzen dugun ez dakit [barrezka]». Astelehenetik ostegunera hartzen dituzte eskolak Abik eta Violek, bi orduz eguneko; arratsaldez ari da Viole eta goizeko taldean, berriz, Abi. Esfortzua suposatu die urratsa egitea, eta eskoletara joatea, zalantzarik gabe. Baina deia egin diete euskaraz ez dakiten pertsonei ikasketa prozesuan murgil daitezen. Izan ere, Violerentzat, garrantzitsua da euskara ikastea: «Nire ingurukoak motibatzen ditut, animatzen ditut euskara ikastera, lehen esan dudan moduan, bizi garen komunitatearen hizkuntza da, eta ezinbestekoa iruditzen zait ikastea».
Horren harira, aipamena egin die Xenpelar AEK-ko irakasleei eta esker ona azaldu: «Irakasleak ikaragarriak dira, pazientzia handia dute eta eskertzekoa da duten jarrera. Gure ikasketa prozesuaren parte garrantzitsua dira, finean. Beraiek dira ikasi dugunaren, egunero ikasten ari garenaren arrazoietako bat».
Abik ere euskara ikastera animatu du bere egoeran dagoen jendea; haren ustez, euskara eta aukerak eskutik helduta datoz, estu-estu: «Hizkuntza ederra da euskara, eta bizitzan aukera berriak zabaltzeko gakoa».