Lezoko EAJ, ados BIBE proiektua Lezon sustraituko delako
Jeltzaleen arabera "BIBE proiektuak abangoardian" kokatuko du Lezo. Egitasmoa mamitzeko lanean ari diren alde guztiei aitortza egin die Laura Martinezek.
“BIBE proiektuak abangoardian kokatuko du Lezo”. Hala jakinarazi du herriko EAJk. Zahartzaroan bizitza betea lortzera bideratutako ekimen aitzindaria da BIBE proiektua, Lezon garatuko dena. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bidez jarri du martxan egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, “longebitatearen eta bizitza betearen paradigma berria garatzeko apustua berretsiz”, nabarmendu du EAJren udal eledun Laura Martinezek. Otsailaren 23an aurkeztu zuten proiektua bertako zati diren alde guztiek.
BIBE herrian sustraitzeko bidean, atzera begirada egin dute jeltzaleek. Martinezek adierazi du aurreko agintaldian “aktibatu” zela egitasmoa, Jesus Mari Martiarena (EAJ) alkate zela, eta garapenean herriko eta kanpoko gizarte eragileek parte hartu dutela, “tartean, gure herriko Aiton Bordaren konpromisoari esker”.
EAJko kideek adierazi dute eskualdea eta Lezo “eremu sozialean esperimentatzeko eta ikasteko gune” bihurtzen ari dela, eta erakundeen, gizarte eragileen eta herri komunitatearen ahalegin partekatua dagoela horren oinarrian. EAJ-PNVtik lanean jarraituko dugu halako proiektuak, eta lezotar guztien ongizatea bultzatuko dutenak, herrira erakartzeko, hori baita gure azken helburua”, azaldu du Martinez bozeramaileak.