PSE-EE kezkatuta Lezo 2030 Agenda bertan behera gelditu delako
Aho batez onartu zutela udal talde guztiek dio alderdi sozialistak, "EH Bilduk baina, alde batera utzi du orain".
“Kezka” azaldu du PSE-EEko bozeramaile Josean Sanchezek, Lezo 2030 agenda Udal Plan Estrategikoa bertan behera gelditu dela-eta. Sozialistak dio udal talde guztiek aho batez onartu zutela Lezo 2030 Izan Herrigile plana, “Lezon etorkizunean egitekoak ziren proiektuak eta politikak, NBE Nazio Batuen Erakundeak onartutako garapen iraunkorrerako helburuekin bateratzea zuen helburu tresna horrek”. Nabarmen jarri du, bestalde, “baliabide ugari” erabili zirela proiektua egiteko baita “bizilagunen parte hartze prozesu eredugarria” ere, “eta orain kaxoi barruan utzi nahi dute, ahanzturan”.
Aurrekontua aipatu du sozialistak: “Aurtengo aurrekontuan ez dago euro bakarra ere 2030 agendaren jarraipena edota ebaluazioa egitera bideratua, ezta bertan jasotako proiektu edota ekintzarik abian jartzeko ere. Bide orri hori baztertzea akatsa da, alternatiba inprobisazioa delako, eta denboran luzatu ezin daitezkeen jarduketak daude egiteko, auzoen biziberritzea, garbiketan zein hondakinen bilketan hobekuntzak, gizarte zerbitzuetan, azpiegituretan edota kultura, hezkuntza, kirol eta aisialdia errekurtsoetan”.
“Kezkagarritzat” jo du halaber, Sanchezek, Mugikortasun Iraunkorrerako Plana edota Altamirako parkearen biziberritzea “ahaztuta gelditu izana” aurrekontuetan.