Udalgintza eta herrigintza eskutik, euskara lezoar guztien eskura jartzeko
Euskararen normalizazioa bultzatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko plan estrategikoa osatzeko prozesua martxan du udalak.
Euskararen normalizazioa bultzatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko plan estrategikoa osatzeko prozesua martxan du Lezoko Udalak. Lezo Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da joan den urteko azaroaz geroztik, eta beraz, udalerri euskalduntzat jo daiteke herria. hala ere, gaur gaurkoz udalerrian euskaraz bizi ahal izateko “hainbat eragozpen eta oztopo” direla jarri du nabarmen udalak, “eta erdara da nagusi gure herrian”.
Herritarren artean euskararen ezagutza dezente zabaldu dela dio udalak, “hala ere, gehienek gaitasun handiagoa dute gaztelaniaz, errazagoa eta erosoagoa zaie gaztelaniaz hitz egitea”. Iker Salaberria Euskara zinegotziak ideia horretan sakondu eta erantsi du ez dituztela alde gaur egungo joera orokorrak eta hainbat adibide aipatu ditu: “Teknologia berrien eraginak, sare sozialen sarbideak, eta ikus entzunezkoek herritar isolatuz eratutako gizarte homogeneoak bultzatzen dituzte, eta testuinguru horretan erdarak dira nagusi”.
Azken urteetako euskararen aurkako oldarraldiari ere egin dio aipamena Euskara zinegotziak, “gure eskubideak bermatzeko urratsak bertan behera ikusten ari gara, eta gure herrian zapaldua eta baztertua izan den hizkuntza komunitatea zapaltzailetzat agertzea bilatzen duen diskurtsoa zabaltzen ari dira batzuk”.
Instituzioen eta komunitatearen bultzadak batzea, beharrezko
Agertokia hori izanik, zail ikusten du udal ordezkariak euskararen erabilera askorik hobetzea, “horri aurre egingo badiogu, euskararen erabilerarako egiturazko eta hurbileko baldintzak hobetzeko lan egitea dagokigu”. Lan horri “zaila eta konplexua” iritzi dio Salaberriak, eta horregatik, beharrezkotzat jo du instituzioen eta komunitatearen bultzadak batzea, “Lezon prozesu hori abiatzera doa, udalgintza eta herrigintza bateratu nahi dituena, herritarrei parte hartzeko eta euren ekarpena egiteko aukera emango diena”.
Abiatu duten prozesuaren helburua, ondokoa: Euskararen ezagutza lezoar guztien artean zabaldu eta euskara eroso erabiltzeko espazioak sortu, garatu eta elkarlotzeko bidea marraztea. Horretarako, berriz, besteak beste, aisialdia, hezkuntza, familia, gazteak, edota merkataritzaren inguruko eztabaida foro irekiak antolatuko dituzte. Horrekin batera bestelako ekintzak ere jarriko dituztela martxan iragarri du udal ordezkariak: Bizkarsoro filmaren emanaldia, Urtzi Urkizuren liburuaren aurkezpena, kirolaren inguruko mahai ingurua, eta gurasoentzako hitzaldiak dira horietako batzuk. “Izan ere, gai honen inguruko elkarrizketak eta gogoetak herritar ahalik eta gehienen artean zabaltzea nahi dugu”, azaldu du Salaberriak.
Kontraste taldea
Parte hartze prozesuaren jarraipena egin eta ekarpenak proposatzeko kontraste taldea sortu dute, bestalde. aste honetan bildu da lehen aldiz talde hori. Haren zeregin nagusia egingo den diagnostikoaren eta aurrera begirako proposamenen gainean iritziak eman eta ekarpenak egitea izango dela azaldu du. Kontraste talde horretan, Oarsoaldeko Euskara Zerbitzua, Ttakun Euskara elkartea, AEK, Lezo Herri Eskolako Talaia guraso taldea, Pasaia-Lezo Lizeo Ikastolako Errota guraso taldea, Alleru Futbol taldea, eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea ari dira lanean.
Lezo berriro euskaldun izateko ametsa egingarria den zalantzarik ez du Salaberriak: “Sortu dugun leloak dion bezala Lezo euskaragarria dela uste dugu. Euskara lezoar guztiei eskuragarri jarri nahi diegu, eta Lezo berriro euskaldun izatea lortzeko ametsa dugu”.