Hibaikako Emakume eta Gizonen Gazte Mailako ontziak, onenak Urumean
Urumea ibaian jokatu zuten atzo Gipuzkoako arraun klubek herrialdeko batel txapelketaren zortzigarren jardunaldia, eta errenteriarrek maila bikaina erakutsi zuten Gazte Mailako Emakume zein Gizonen ontzietan.
Hibaikako Mutil Gazteen ontziaren artxiboko irudia. Indartsu dator Hibaika arraun Elkartearen harrobia. Urumea ibaian jokatu zuten atzo Gipuzkoako arraun klubek herrialdeko batel txapelketaren zortzigarren jardunaldia, eta errenteriarrek maila bikaina erakutsi zuten Gazte Mailako Emakume zein Gizonen ontzietan. Gizonetan bigarren sailkatu zen Tolosaldeari ia bederatzi segundoko errenta atera zion Hibaikaren eskifaiak. Mutilen ostean lehiatu ziren emakumeak, eta horretan ere, Gazte Mailan errenteriarrak irabazle. Hibaika B ontziak sei segundo pasako errenta atera zion atzoko jardunaldian bigarren sailkatu zen Tolosaldea A ontziari.
Gazte Mailako Emakumeetan bigarren ontzi bat du Hibaika arraun elkarteak; zazpigarren sailkatu zen hori.
Bikain, beraz, Gazte Mailakoak, baina ez haiek bakarrik. Promesa kategorian ere, oso fin Hibaikako ontziak. Nesken Hibaika B ontzia, hirugarren sailkatu zen San Juan A eta Zarautz B ontzien ondotik. Hibaika A ontzia, hamahirugarren, eta Hibaika C, berriz, hamaseigarren.
Kategoria bereko mutiletan, seigarren sailkatu ziren errenteriarrak. Jokatutako azken estropadarekin alderatuta, lau postu gora egin dute atzoko jardunaldian taularen erdialdetik gora lekua hartzeko —Getariako estropada bertan behera utzi zuten, eta Trintxerpek antolatutakoa egin zuten azkena, martxoaren 3an—.
Promesa neska zein mutilak ere, fin beraz.
Neska Haurren Mailan, bederatzigarren egin zuen Hibaikako ontziak, baina ez zuen punturik batu atzoko jardunaldian, izan ere, mistoa izan zen haien ontzia. Kategoria bereko mutilak, bosgarren sailkatu ziren atzokoan.
Denbora guztiak hemen klik eginda kontsulta daitezke.
Datorren asteburuan, zita bikoitza
Datorren asteburuan, bi zita izango dituzte Gipuzkoako arraun klubetako arraunlariek. Izan ere, bi jardunaldi izango dituzte jokoan. Larunbat arratsaldean izango da lehena. Ur Jokok antolatuta, Urdazurin izango da lehia 15:30ean hasita, Donibane Lohizune eta Ziburu artean. Atzokoa bezala, larunbatekoa ere, erlojupekoa.
Igandekoa (hilaren 24a) San Juan-Koxtapek antolatua, 10:30ean hasiko da. Lerrokatuta lau kalerekin jokatuko dute. 10 jardunaldia izango da hori.
Sailkapen orokorrari dagokionean, honakoa da egoera. Haur Mutiletan, lau ontzi ari dira lehiatzen, eta azken postuan aurkitzen da Hibaikaren ontzia. Kategoria berean, nesketan (13 ontzi ari dira lehiatzen) zortzigarren postuan da errenteriarren ontzia sailkapen orokorrean. Promesetan, mutiletan (12 ontzi ari dira) zortzigarren postuan dira Hibaikakoak, eta nesketan, berriz, (24 ontzi dira) zazpigarren da Hibaika B, hamargarren Hibaika A, hemeretzigarren Hibaika C, eta hogeita laugarren Hibaika D.
Gazte Mailan, gizonetan bigarrena da taulan Hibaika Tolosaldeatik sei puntura; emakumetan, hirugarren errenteriarrak, lehenengoa den San Juan A ontzitik hiru puntura.
Sailkapen orokorra hemen kontsulta daiteke.
Datorren asteburuko bi hitzorduetatik aparte, beste bi jardunaldi dituzte oraindik Gipuzkoako arraun elkarteetako eskifaiek. Apirilaren 7an Hibaikak antolatuta Oiartzun Ibaiak hartuko du 11. jardunaldia; apirilaren 13an, berriz, San Pedriok antolatuko du txapelketako azken jardunaldia, hamabigarrena.
Gipuzkoako Txapelketa, berriz, apirilaren 14an, igandearekin jokatuko dute Pasaiako Badian, Hori ere San Pedro Arraun Elkarteak antolatuta.
