Korrikaren 2653 kilometroa, Mikel Martin Conderen omenez
Haren senideek eramango dute Korrikaren lekukoa Xenpelar AEKren kilometroan, irakasle eta ikasleek hala adostuta.
Gaur markatu dute 2653. kilometroa Xenpelar AEK euskaltegiko irakasle eta ikasleek. Euskaltegiko ordezkariek eramaten dute lekukoa, eta aurten keinu berezia, maitasunez betea egin dute. Izan ere, Xenpelar AEKri dagokion kilometro horretan, Mikel Martin Conde ekintzailea zenaren senideek hartuko dute euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren lekukoa, euskaltegiko irakasle eta ikasleek hala erabakita.
Gaur margotu dute kilometro zenbaki hori asfaltoan, baita Martini zuzendutako mezua, haren ikaskide izan zirenek: “Maite Zaitugu, Mikel”. Ez da ekintzaileari egingo dioten oroimen keinu bakarra. Larunbatean 23 Korrikaren Jaiaren egitaraua hartuko duen karpa zabaltzerakoan Zumardian, omenaldia eskainiko diote. 13:30ean izango da hori, eta brindisa egingo dute. Kilometro koloretsua berriz, 23:55ean izango da eta Mikel Martinen omenezko kilometroarekin bat egitera gerturatzen direnei, txapelak, boak eta apaingarriak ez ahazteko eskatu diete.