Betirako gordeko dute une hori
23. Korrikak babes osoa izango du Lezori dagozkion kilometroetan. Lekukoak eramango dituzten taldeetako ordezkariek familia argazkia egin dute.
23. Korrikan, lekukoa eramango duten Lezoko taldeen ordezkarien familia argazkia, ostiralean ateratakoa. Betirako gordeko dute une hori. Korrikaren lekukoa eramatea sekulakoa baita. Hala diote eraman dutenek. Era batera edo bestera, Lezoko Oroitzene AEKtik esan duten bezala “iniziatiba deskribaezin honen partaide” asko eta asko dira, baina horien artetik lekukoen eramaileak nabarmentzen dira. Bada, hilaren 23ko gauean Lezon lekukoa eramango duten talde eta eragileak asko izango dira. 23. Korrikak babes osoa izango du Lezori dagozkion lau kilometroetan.
Lekukoa eramango dutenei petoak eman, eta talde argazkia atera zuten ostiral iluntzean. Brindisa ere egin zuten, Korrikaren alde, euskararen alde, Euskal Herriak bere hizkuntzan hazteko duen eskubidearen alde. “Saiatu gara denei txokoa egiten, metro gutxi batzuk izan ditzaten. Denok nahi dugu gure aletxoa jarri eta eskuz esku, metroz metro zabaldu lau haizetara mezua, lekukoan dagoen mezuak zer dioen jakin ez arren”, azaldu dute Oroitzenetik. Zirrara, emozioa, malkoak, urduritasuna… Hori guztia sortzen du Korrikak. “Halaber, gugan komunitate izaera eragiten du, bagarela nor, eta bagarela talde. Badugula giharra eta badugula gogoa euskaraz bizitzeko, euskaldun izateko. Hori ari gara Lezon erakusten”, zehaztu dute euskaltegikoak.
Larunbateko 23:36ak inguruan iritsiko da Lezora 23. Korrika. Lau kilometro egokitu zaizkio herriari, 2.648tik 2.651ra artekoak. Lau horietan lekukoak eramango dituzten eragileak honakoak dira: Lezoko Udaleko langileak; Munttar Txistulari Taldea; Lezoko EH Bildu; Lezoko Udala; Lezo Institutua-Talaia Guraso Elkartea; Oroitzene AEK euskaltegia; Lezoko merkatariak; Lezo Herri Eskola-Hezikuntza Guraso Elkartea; Txerrimuño baserria; Tiñelu elkartea; Pasaia-Lezo Lizeoa-Errota Guraso Taldea; Iruntzen Emakume Taldea-Kuadrillategi; Nagore Barbado eta familia; Altzate Auzo Elkartea; Tio Teronen Semeak.
23. Korrika. Lezoko ekitaldiak.
Hilak 21 (osteguna)
- 11:30ean, Donibanetik Lezora (termika zenetik herrira), Dinokorrika (adinekoen Korrika).
- 18:30ean, Gezala Auditoriumean, Oihaletxea dokumentalaren proiekzioa Lander Garro zuzendaria bertan dela.
Hilak 22 (ostirala)
- 12:15ean, Pasaia-Lezo Lizeoaren Donibaneko egoitza nagusitik abiatuko da Korrika Gaztea Lezorantz. Eskualdeko 3. zutabea da.
- 15:30ean, Goiko Plazan hasita, Korrika Txikia. Lezo zeharkatu ondoren Karlos Saldise plazan bukatuko dute bidea. Askaria izango dute han gaztetxoek.
Martxoak 23 (larunbata). 23. Korrika Lezora iritsiko da
- 14:00etan, herri bazkaria Karlos Saldise plazan. Txartelak Oroitzene AEKn eskura daitezke, baita 607 59 88 71 telefono zenbakira deituta ere. Helduen menua: 17 euro; haurrena: 7 euro. Menu barazkijalea ere badago.
- 16:00etan, bingo musikatua Karlos Saldisen.
- 17:00etan, Goiko plazan, kuadrillen arteko sokatira txapelketa (16 urtetik gorakoentzat). Bitarte horretan haurrentzako herri jolasak izango dira. Kuadrillen sokatira txapelketan izena emateko 626 14 66 39 telefono zenbakira deitu behar da (gutxienez sei kideko taldeak).
- 18:00. Elektrotxarangaren irteera herritik.
- 20:00etan, afari merienda Saldisen.
- 20:30ean, berriz ere elektrotxarangaren irteera.
- 21:30ean, Txirbilla Sound System.
- 23:36an, 23. Korrika Lezora iritsiko da.
- 00:00-02:00, DJ Kalimoustro Lezon.
Martxoak 24 (igandea). 23. Korrikaren bukaerako festa Baionan.
- Baionako bukaera ekitaldietara joateko autobusa antolatu da. 09:30ean aterako da Sotxo paretik. Autobuseko txartelak Oroitzene AEKn daude salgai, 15 euroan.
