Sutea piztu da Andra Mari kaleko etxe batean
Andra Mari kaleko 13. zenbakian piztu da sua, 13:30ak aldera. Ez da zauriturik egon, eta etxearen egiturak ez du kalterik izan.
Sutea piztu da Errenteria-Oreretako Andra Mari kaleko 13 zenbakiko lehen solairuko etxebizitza batean, 13:30ak aldera. Suhiltzaileak eta anbulantziak bertan dira, eta pertsona bat artatu dituzte tokian bertan, arnasteko arazoak zituztela eta. Inguruko bizilagunak etxeetatik desalojatu dituzte, baita udaletxea ere. 14:30 inguruan itzali dute sua.
Bizilagun batzuek izan dute beraien etxebizitzetara joateko aukera, eta keak kaltetu dituela ikusi dute. Andra Mari kaleko 13an kalte materialak askoz nabarmenagoak izan dira. Udal arkitektoek ikuskatu dute etxea, eta egiturak kalterik ez duela izan ebatzi dute.
Errenteriako Udalak kaltetuen eskuetan utzi ditu udal-zerbitzuak, dituzten premia eta beharrak asebetetze aldera. Lehenengo solairuko bizilagunek izan ezik —sutea sortu den etxea— gainontzekoek bere etxeetara sartu ahal izan dutela gaineratu du udalak.
Eskerrak eman dizkiete sua itzaltzeko lanetan aritu direnei, hala nola, Donostiako eta Gipuzkoako suhiltzaileei.