Tabu Demons Musika Jaialdiak metal doinuz zartaraziko du Niessen
Tabu Demons elkarteak antolatu du jaialdia, sarrera doakoa da, eta trukean, bertaratzen direnei iraungitzen ez den elikagai kilo bat eramatea eskatu diete.
Elbereth musika taldea. Argazkia: Elbereth Metal doinuak izango dira protagonista larunbatean Niessen kulturgunean. Tabu Demons musika jaialdia egingo dute bertan, larunbatean, Tabu Demos elkartearen urteurrena gogotik ospatzeko.
Hiru talderekin osatu dute kartela. Vita Imana talde madrildarra osatzen duten sei musikariek groove metala eramango dute oholtza gainera. Perkusioa eta afinazio baxuak oinarri, ingurunearen doinuak eta erasokorrak nahastea du bereizgarri taldeak. Antolatzaileen esanetan, “Espainiako Estatuko zuzeneko onenetakoa” da. Bost urte dira Gipuzkoan jo ez dutela, eta larunbatekoa handia izango dela aurreratu dute.
Haiekin batera Elbereth euskal taldea. Gaur gaurkoz euskal metal eszenako “talderik garrantzitsuena” Tabu Demons elkartearen arabera. Hogei urte luzeko ibilbide dute soinean thrash metal melodikoa egiten. Besteak beste, Leize, SA, Riot, Baron Rojo, Refuge, Blze Bailey, Su Ta Gar, Leo Jimenez, Crisix, edota Numen taldeekin aritu dira oholtza gainean, eta aurten lan berria kaleratuko dute.
Kartela osatzeko, hirugarren talde bat, aurrekoa bezala, hau ere euskalduna. Thrash metala egiten duen Anker talde legazpiarrak osatuko du larunbateko kontzertua, eta 2023 bukaeran kaleratu zuten azken lana aurkeztuko du.
Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa da. Bertaratzen direnei, iraungitzen ez den elikagai kiloa eramatea eskatu diete trukean GJH Donostiari —Garapen Jasangarrirako Helburuak— eman eta hark beharra dutenen artean bana dezan.
