Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiko lanak, martxan
Lanak gauzatzeko epea 6-8 hilabetekoa izango da eta 1.474.000 euroko inbertsioa bideratuko dute horietara.
Hasi dituzte Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiko lanak. Hala jakinarazi du Lezoko Udalak gaur eguerdian helarazitako prentsa ohar bidez. Gaur bertan, goizean, bisita egin dute eremu horretara Mikel Arruti eta Teo Alberro Lezoko eta Pasaiako alkateek hurrenez hurren, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak, eta Monika Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak. Obra eremuan izan dira laurak, lanen nondik norakoak ezagutzeko.
Gipuzkoako Foru aldundiaren Jasangarritasun departamenduak finantzatuko du proiektua EGEF Eskualde Garapenerako Europako Funtsen bidez, eta sei-zortzi hilabete arteko epean egina izango da azpiegitura. 1.474.000 euroko inbertsioa bideratuko dute lanetarako.
Lezoko Udalak jakinarazi duenez obra GI-344o foru errepidean egiten ari dira, Lezoko udalerrian, eta Lezo eta Donibaneko herrigunak lotzen dituen bidegorria osatzea du helburu, Donibanetik hurbilen dauden azken 300 metroetan. Espaloia oso estua da eremu horretan udalak nabarmen jarri duenez, “nekez pasa daitezke bi pertsona eta zati arriskutsua da oinezkoentzat”. Horrenbestez, beharrezkotzat jo ditu lanak Mikel Arruti Lezoko alkateak, “bertatik herritar ugari pasatzen baita oinez zein bizikletaz”. Ideia horretan sakondu du ere Teo Alberro Pasaiako alkateak gaurko bisitan zehar egindakoa adierazpenetan: “Bidegorri zati hau egitea, funtsezkoa eta oso beharrezkoa da. Lezo eta Donibane arteko lotura segurua, iraunkorra eta zabala ahalbidetuko du oinezkoentzat eta bizikletentzat, bertatik egunero ibiltzen direnen eta kanpotik datozen bisitarien gozamenerako”.
Lanen gaineko xehetasunak eman ditu Lezoko Udalak, bestalde, eta nabarmen jarri, egiten ari diren lanekin errepideetako galtzadaren ondoan bidegorri berri bat egingo dela, hiru metro zabalekoa. Argi esan du Arrutik lan horiekin oinezkoen segurtasunean irabaziko dela.
Proiektuak berak garatzeak erronkak dituela gaineratu du. “Proiektatutako konponbideak inguruko orografia malkartsuaren berezko erronkei egin behar die aurre, baita espazio mugatu berri batekin lan egiteko beharrari ere, galtzadaren egungo kokapena eta portuaren aldean euste horma bat dagoelako”. Dauden aukerak mahai gainean jarri eta “sakon” aztertu ondoren, “irtenbide berritzailea” aukeratu dela erantsi du Arrutik: “Egungo hormaren gainean eta estradoseko lursailaren gainean partzialki bermatutako kontrapisuen bidez gauzatuko da; horrela, plataforma hegoalderantz zabaltzeko aukera izango da, bizikleta eta oinezkoentzako bidearen gainerako zatiekin lerrokatuta, oinezkoen zirkulazioa eta trafikoa modu seguru eta erosoan bermatuz”.