Ekonomia irakasteko proposamen pedagogikoa saritu diote Amaia Oleaga Agestari
Ekonomia kontzeptuak azaltzeko ekonomia eta Rapa uztartu ditu errenteriarrak.
Egiten dugun horretan arrakasta lortzeko ezinbesteko osagaia da bokazioa, ziurrenik ez nahikoa bakarrik badoa, baina bai bete beharreko aldagaia. Horren adibide da Amaia Oleaga Agesta oreretarra. Sopelako Ander Deuna ikastolan Ekonomia eskolak ematen ditu. Bazuen materia ematea bere horretan, gehiago kezkatu gabe, baina irakasten duen hori atsegin egitearekin batera, egunerokoan bere eskolak jarraitzen dituzten ikasleekin konektatzea ezinbestekoa jo du.
Oleagak, ekonomia irakasteko proposamen pedagogiko berezia sortu du. Berezia, izan ere, komunean gutxi dutela dirudien bi elementu batu dituelako ekuaziora: Ekonomia eta rap doinuak, eta zehazkiago Odei Barroso lapurtarraren Ze preziotan kanta. Uztarketa berezia gorabehera, ekuazioaren X bakandu du bederen, eta horrek saria ekarri dio.
Oreretakoak ekonomia kontzeptuak azaltzeko eraiki duen proposamenarengatik Arcadi Oliveres saria jaso du. Hemen Klik eginda enpresaBidean agerkarian Joanes Marquet Lopetegik Oleagari egindako elkarrizketa irakur daiteke.