Etxez etxeko langileen lan poltsa osatu nahi du Lezoko Udalak
Lan poltsarako izen ematea hilaren 17ra egin daiteke, Lanbideren bitartez. Hautagaiek bete beharreko baldintzen zerrenda egin du udalak.
Etxez etxeko zerbitzuko laguntzaileen lan poltsa osatzeko prozesua hasi du Lezoko Udalak. Hautagaiek Lanbideren bitartez eman behar dute izena prozesuan, eta hilaren 17ra arteko epea (datorren asteko astelehena) ezarri dute horretarako. Izena ematen dutenek hainbat baldintza bete behar dituzte. Beharren araberako kontratua egingo zaie hautatuak izango diren pertsonei, eta hilabeteko soldata gordina 2.412,81 eurokoa izango da. Lanbidek egingo du izena eman dutenen arteko aurre-hautaketa.
Baldintzen artean, titulazioari dagozkionak eta euskara eskakizunei buruzkoak daude. Honako zerrendan, ezinbestean bete behar diren baldintzak:
- Erizaintzako Zainketa Osagarrietako teknikariaren titulua edo baliokidea izan behar dute poltsan izan nahi dutenek: Klinikako, Psikiatriako edo Erizaintzako teknikari laguntzailea.
- Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta Emateko Teknikariaren titulua.
- Gizarte-integrazioko Goi Mailako teknikariaren titulua.
- Mendekotasuna duten Pertsonei Gizarte Erakundeetan Arreta Soziosanitarioa emateko Profesionaltasun Ziurtagiria.
- Pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko Profesionaltasun Ziurtagiria.
- Euskarazko 2. Hizkuntza Eskakizuna edo baliokidea, edo euskararen ezagutza maila ziurtatzeko egingo diren probak gainditzea.