Asteburuan, batelen festa badian
Batelen Gipuzkoako Ligako azken estropada eta Gipuzkoako Txapelketa egingo dituzte, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatuta.
Gipuzkoako arraunaren topaleku izango da beste behin Pasaiako badia asteburu honetan. Ontzi txikien, batelen festa antolatuko du Sanpedrotarra Arraun Elkarteak. Izan ere, larunbatean Gipuzkoako Batel Ligako 12. eta azken jardunaldia jasoko du udalerriko itsasaldeak, eta igandean Gipuzkoako Batel Txapelketa; larunbateko estropada, igandekoan arituko direnen sailkapen lehia izango da aldi berean.
Larunbateko ligako nahiz igandeko txapelketarako bogaldiak 10:00etan hasiko dira. Batelak binaka aterako dira, erlojupeko modalitatean. Igandeko estropadak ere 10:00etan hasiko dira, baina kasu horretan launaka linean irtengo dira batelak. Bi egunetako sari emate ekitaldiak lonjako plaza berrian izango dira.
Bi egunetan Oarsoaldeko hainbat batel izango dira lehian, eta gainera, ligak nahiz txapelketak irabazteko aukera sendoak dituzte. Ligako sailkapenaren berri izateko klik egin hemen.