Euskararen kontrako bi sententzia Pasaian
Kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko euskarazko eskakizunak "diskriminatzaileak" direla ebatzi dute epaitegiek. Ostiralean, epaiei aurre egiteko elkarretaratzea Antxon.
Pasaiako Udalak 2023an egindako kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman dituzte berriki Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. epaitegiek. Hala jakinarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Lanpostu horiek betetzeko B1 mailako euskara eskakizuna (lehen mailakoa) jarri zitzaien 2015ean hamabost lanposturi. Epaien arabera, ordea, “diskriminatzailea” da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatuz “lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea” urratu egiten dela.
Bi epai horiei aurre egiteko elkarretaratzea egingo dute ostiralean (hilaren 12an) 18:30ean Antxoko Biteri plazan, Kontseiluak eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak deituta. Aldi berean, bihar (osteguna), Pasaiako Udaleko Langileen Batzordeak ere mobilizazioa egingo du, 13:00etan, udaletxean (Donibanen). Bestalde, Pasaiako Udala gaiaren gaineko irakurketa bihar (osteguna) da plazaratzekoa. “Herritar guztien hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten eragile eta norbanakoak mobilizazioetan parte hartzera eta eraso hau salatzera” deitu du Kontseiluak.
Kontseiluaren arabera, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi berria da Pasaiakoa. “Epairik epai jurisprudentzia eratuz, gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Hainbatetan esan dugu sententzia batetik bestera are eta larriagoa dela egoera, eta, tamalez, honetan berretsi beharrean gaude”.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina betean, Kontseiluak euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egiten die datorren legegintzaldira begira “oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak” har ditzaten: “Horixe da oldarraldiaren aurrean babesteko modua, eta hizkuntz berdintasunaren bermea abiatzekoa. Aurre egitetik aurrera egiteko urratsa.”