Goi mailako areto futbol campusa, Antxo AFren eskutik
Ekainaren 24tik 29ra jasoko du Donibaneko kiroldegiak campusa, 9-15 adin tartekoentzat. Osasuna Magna Xota taldeko kideek gidatuko dute.
Bogan dira haur eta gazteentzako kirol campusak. Horren adibide, Pasaian ekainaren 24tik 29ra areto futbolean trebatzeko saioak egingo dituztela, Antxo Areto Futbolak-Pescados Alberto Ferreres taldeak antolatuta. 9-15 adin tarteko neska-mutilei bideratutako goiz eta arratsaldeko saioak izango dira Donibaneko kiroldegian egingo direnak, eta goi mailako adituek gidatuko dituzte: Osasuna Magna Xota taldeko Dan Saldise eta Roberto Martil izango dira irakasleak. Espainiako Lehen Mailako taldea da nafarra, eta bi jokalari horiek urte askoko esperientzia eta jakinduria dute kirol horretan.
Izen ematearen prezioa 150 eurokoa da. Apuntatzen direnek, diru horren truke eta jasoko duten formazioaz gain, Antxotik Donibanera joateko eta handik bueltatzeko autobusa izango dute egunero, eta kirol arropa berezia jasoko dute. Gainera, eguneroko bazkaria prezio horren barruan dago. Izan ere, bost egun horietako saioak 10:00etan hasi, eta 18:00etan bukatuko dira.
Izena emateko edo informazio gehiago lortzeko, taldearen arduradun baten telefono zenbakia erraztu dute Antxo AFko kideek, honakoa: 615 78 79 96 (Alberto).