Bizilagun baten etxegabetzea salatu du Stop Kaleratzeak plataformak
Gaztañoko auzo elkarteak bilera irekia antolatu du asteazkenerako, bizilagunari elkartasuna adierazi eta Sabadell banketxearen jarrera saltzeko.
Errenteria-Oreretako bizilagun bat etxegabetu nahi du Sabadell banketxeak. Hala salatu zuten joan den astelehenean banketxe horrek Biteri kalean duen egoitzaren aurrean hamarnaka lagunek. Protesta horretan kaleratutako bizilagunarekin batera aritu ziren Duintasuna elkarteko hamarnaka kide. Gaur, Stop Kaleratzeak Plataformak eman du etxegabetze horren gaineko informazioa eta gogor salatu Sabadell banketxearen jarrera.
Idatzi bidez zabaldu du informazioa plataformak: “Gaztañokoa da etxegabetu nahi duen bizilaguna, eta 2017an bizilaguna eta banketxea akordiora iritsi ziren. Horren arabera, bizilagunak, etxebizitza mantenduko zuen”. Orain baina, Sabadell banketxeak, kreditua ez dela berea esan omen du, “2023an Luxenburgoko putre funts bati saldu ziola kreditua, akordioa hautsiz”.
Gogor kritikatu du banketxea Stop kaleratzeak plataformak, “eskuak garbitu ditu, eta bere lekaioek, putre funtsak egingo du kaleratzea”. Horrelakoak “jarrera mafiosoak” direla nabarmendu dute: “Ez dira berriak eta ez gaituzte engainatzen, planteatzen duten tranpa erraza da, eta zoritxarrez ondo ateratzen zaie. Paradisu fiskaleko funts putre bat sortu edota partaide egiten dira, balioaren %10aren truke hamarnaka etxebizitzaz osatutako paketea saltzen diete eta funts putreak etxetik bota eta harekin espekulatzen du. Sabadell banketxeak, berriz, itxuraz ez daki ezer”.
Horren emaitza garbia dela dio plataformak: “hipoteka ez ordaintzeagatik biztanle asko etxegabetuak, gehienetan kredituen abusuzko baldintzei aurre egiteko ezintasunagatik. Gero, dirua paradisu fiskaletara eramaten dute Ogasunak bestaldera begiratzen duen bitartean. Lotsa gutxi erakutsiz, Sabadell banketxeak ez duela etxegabetzen esaten du, gainera”.
Mezu argia helarazi diote Sabadelli, haserretik, “Sabadell banketxea da harrapaketa mafioso horren erantzulea horrela salatzen dugu, eta ez diogu utziko”.
Batzar irekia Gaztañon
Gaztañon bizi da Sabadellek etxegabetu nahi duen bizilaguna, eta hori horrela, bertako auzo elkarteak babes eta elkartasun osoa adierazi dio, “egoera larri honen aurrean Sabadell banketxearen jokabidea salatu nahi dugu, izan ere, bizilagun bati etxea kendu eta kalean utzi nahi du”.
Egoeraren gainean informazio gehiago jaso eta salaketa egiteko batzar irekira deitu dute etzi, asteazkena, 20:00eta auzo lokalean; bertan izango da kaltetutako bizilaguna, egoeraren nondik norakoak azaltzeko.