Etxegabetzeen aurkako auzo harresia
Sabadell banketxeak etxegabetu nahi duen bizilagunak auzokideen babesa jaso du.
Sabadell banketxeak etxegabetu nahi duen bizilagunak auzokideen babesa jaso du. Gaztañon bizi da, eta aste honetan bertan jakinarazi zuen bertako auzo elkarteak batzarra egingo zuela bizilagunak bizi duen egoeraren berri emateko. Atzo egin zuten batzar ireki hori, eta 50 auzokide bertaratu ziren. Zuzenean ezagutu zuten egoera etxegabetze arriskuan den herritarrak lehen eskutik eman zielako bizi duen prozesuaren berri.
Elkartasun osoa erakutsi diote etxegabetze mehatxupean den herritarrari haren auzokideek, eta gogor salatu dute Sabadell banketxearen jokaera. Argi esan dute oraintxe kaltetuaren kreditua funts putre baten eskuetan badago ere, egoeraren arduradun nagusi eta bakarra Sabadell banketxea dela: “Berak saldu du bizilagunaren kreditua, eta bera da beraz arduraduna. Izan ere, 2017an hasitako prozesuan, akordioa egin zuen orain etxegabetu nahi duen gure bizilagunarekin banketxeak, eta orain apurtu egin du unilateralki akordio hori funts putre bati salduz kreditua”.
Elkartasuna auzokideari eta gaitzespen erabatekoa Sabadell banketxeari Gaztañoko bizilagunek atzoko batzarraren ostean. Ez dute momentuz mobilizazioen berririk eman baina eskatu dute adi egoteko, izango direlako. Hasteko, kartelak egin dituzte Gaztaño auzoko etxe atari guztietan pegatzeko Etxegabetzerik ez Gaztañon, ez inon leloarekin. Etxegabetzeen aurkako auzo harresia eraikitzen hasi dira eta ildo horretan bat egitera deitu dituzte Gaztaño kanpoko bizilagunak ere. Antolatutakoen gaineko informazioa zabaltzeko, Gaztañoko auzotarren telegram kanala baliatuko dute (egin klik hemen batzeko).