«Egindako lan handiaren emaitza da txapelketa irabazi izana»
Halterofiliako Unibertsitate Arteko 67 kilo azpiko kategoriako Espainiako txapeldun da Kristian Labaka Zumeta errenteriarra. Irabazi zuen tituluarekin «harro», sariak biltzen jarraitu nahi duela dio kirolari gazteak.
Unibertsitate Arteko Espainiako Halterofilia Txapelketa irabazi berri duzu. Zer suposatu du zuretzat garaipenak?
Atzetik egin dudan lan horren guztiaren emaitza da, eta horrek asko suposatu du niretzat. Lan hori emaitzetan ikusi da, eta poza eragitearekin batera nire buruarekiko harrotasuna ere suposatu dit. Ordu asko dira entrenatzen ematen ditugunak, mentalki ere asko prestatu behar dugu, eta gero dena ondo doala ikustea motibagarria da.
Zein kategoriatan izan zara txapeldun?
Kategoria ezberdin asko daude, eta ni 67 kiloko kategorian izan naiz txapeldun. Parte hartzeko gehienez 67 kilo pisatu ditzaket txapelketa egunean bertan, pisu hori gainditzekotan, kanpoan geldituko nintzateke.
Entrenamenduez aparte, pisua ere zorrotz kontrolatu behar duzu, beraz?
Hala da. Entrenamenduekin batera dieta bat egiten dut urtean zehar, eta moldatzen joaten naiz. Lehiaketa egutegiaren arabera modu batera edo bestera egiten dugu dieta hori. Orokorrean pisuan egoten naiz, eta horrek ez dit lan handirik ematen, baina bada zailtasunak dituen jendea, eta hortaz, elikadura gehiago zaindu behar dute.
Nola hasi zinen halterofilian? Ez da ohiko kirol bat, ezta?
Crossfita egiten hasi nintzen, eta horrek eraman ninduen halterofiliara. Gasteizen ikasten dut unibertsitatean egun, eta Donostian kirol horretan hasi, eta Gasteizen jarraitu egin nuen gimnasio batean. Kirolean ari nintzen batean, gizon bat gerturatu eta esan zidan ongi altxatzen nuela pisua, eta euren klubera joatea eskaini zidan. Joan eta gutxika markak egiten hasi nintzen txapelketetara joan ahal izateko, eta gaur arte. Oso denbora gutxi da hasi nintzela, urtebete daramat serio halterofilian Gasteizko Indarra klubean.
Urtebetean Espainiako Txapelketa, ez da makala marka.
Ez, egia esan, oso ondo dago.
Zer izaten ari da zailena?
Konstantzia bat eramatea, seriotasunez ongi eramatea entrenamendu guztiak. Finean gauza asko dira kirol honetan eragina izan dezaketenak, elikadura, entrenamenduak… Baina zailena mentalki prestatzea eta konstantzia hori mantentzea direla esango nuke.
Prestaketa fisikoa ezinbestekoa da, baina burua prestatzea ere beharrezkoa dela agerian da. Ematen al zaio horri duen garrantzia ?
Zenbat eta maila altuagoa, orduan eta presio handiagoa. Prestaketa hori kirol psikologian adituak diren pertsonekin lantzen dute, eta gure kasuan ez zaio garrantzia gehiegirik ematen alde horri. Zalantzarik ez da kontuan izan behar den gauza bat dela.
Diziplina handia eskatzen du halterofiliak. Nolakoa da zure prestaketa?
Astean lau entrenamendu saio izaten ditugu, astelehen, asteazken, ostiral eta larunbatetan ditugu entrenamenduak, arratsaldez, eta orokorrean bi orduko saioak izaten dira. Halterofiliaz gain muskulazioa ere lantzen dugu.
Sari gehiago jaso dituzu?
Pasa den irailean Gazte Mailan zilarra eta brontzea irabazi nituen txapelketa absolutuan, 20 urtetik beherakoetan. Oso pozik nago, domina horiek irabaztea ere garrantzitsua izan baita.
Zer da halterofilia zuretzako?
Bizitza estilo bat da, oso serio hartzen dut nik halterofilia. Zaila zait laburrean definitzea.
Hurrengo erronkak zeintzuk dira, epe motzean?
Euskadiko Txapelketa daukagu gertu-gertuan. Klubak bere Euskadiko hamar markarik onenak txapelketara eramango ditu maiatzaren 4an. Behin hori bukatuta, Espainiako Txapelketa Absolutua jokatuko da ekainaren 7an eta 8an, eta bertan izango naiz. Maiatzaren 4ko Euskadikoa Bilbon izango da, eta Espainiakoa Galizian, Ourensen.
Eredurik baduzu halterofilia munduan?
Ez dut pertsona bat zehazki, baina entrenamendu metodologia bat bai, asko daudelako, eta asko miresten dut Txinako metodologia. Bulgariakoa ere gustuko dut, baina Txinarekin gelditzen naiz. Kulturalki oso ezberdinak gara, beraiek oso zorrotzak dira, oso formalak, eta halterofiliarekin ere hala dira; bat dator nirekin egiteko modu hori.
Indar handia behar da halterofilian hasteko, edo landuta lor daiteke?
Indarra beharrezkoa dela esaten da, baina hori baino garrantzitsuagoa da teknika ona izatea, hori da azkenean pisu gehien altxatzeko aukera ematen duena, eta ez indarra. Teknika ona bilatu behar da, eta denbora laburrean pisu gehiago altxatzea lortuko duzu indarra soilik erabilita baino. Lehenengo teknika, eta gero indarra.
Amets bat.
Ekaineko txapelketan paper ona egin eta ahal bada podiumera igotzea. Hori da ametsa oraingoz. Amets handiak izan ditzakegu, baina garrantzitsua da errealistak izatea, helburuek egingarriak behar dute izan. Halterofilia nahikoa sekretuan eramaten den kirola da, minoritarioa delako. Euskal Herrian futbolak dena hartzen du. Jende gutxik ezagutzen du, eta nik animatu nahiko nuke jendea probatzera, nahiz eta pentsatu ez duzula indarrik, zaila dela… Dena da posible, beraz, gerturatu, ezagutu eta probatu.