Bizilekua defendatuko du
Sabadell banketxeak etxegabetu nahi duen bizilagunak, jasotzen ari den elkartasuna eskertu du.
Sabadell Banketxeak Errenteria-Oreretako Biteri kalean duen egoitzaren aurrean ari da protesta egiten astelehen, asteazken eta ostiraletan. 2017an akordiora iritsi, eta banketxeak akordio horren bidez etxea mantenduko zuela esan bazion ere, bere kreditua Luxenburgoko funts putre bati saldu dio banketxeak. Ez daki zenbat denbora emango duen funts putre horrek etxea arpilatzera etorri aurretik baina argi dio etxegabetu nahi duten bizilagunak, “nire etxea defendatuko dut”.
Sabadell kanpoaldean den egunetan hainbat herritar gerturatzen zaizkio egoera salatzera eta banketxearen jarrera salatzera. Bihotzez eskertzen ari da kaltetutako bizilaguna jasotzen ari den elkartasun “uholdea” izan ere, Duintasuna Pentsiodunen elkartea, Stop Kaleratzea Plataforma, GOT Grupo Oarso Taldea eta Gaztañoko Auzo Elkartearen babesa jaso du dagoeneko
Gaur ezustean harrapatu dio Sabadell banketxeko Errenteria-Oreretako bulegoko ordezkari batek, “kalera atera da, gerturatu eta nire egoera kontatzeko eskatu dit. Uste dut zuzendaria dela, eta ezer gutxi dakiela gaiaz esan dit, berria dela bulego honetan. Batez ere funts putre batek nire etxearen kreditua erosi duela jakinarazi diot, haien esku dagoela eta hilabete gutxian exekutatu eta etxearekin, nire bizilekuarekin gelditzen saiatuko dela. Argi esan diot ez dugula onartzen banketxeak diona, hau da, ez daukala zerikusirik nire kreditua saldu duelako; Sabadell banketxea da arduraduna, eta larriena da 2017an akordiora heldu ginela”.
Akordio horren arabera banketxeak amaren etxea saldu eta diru horrekin kreditua ordaindutzat ematea onartu ziola kontatu du kaltetuak, “nirekin 2017an egin ez zutena, funts putre batekin egin dute orain askoz ere diru gutxiagoren truke. Iraina da, amorragarria benetan. Baimena eskatu dit arduradunen bat nirekin harremanetan jartzeko, eta noski, negoziatzeko prest nago”.
Prozesu honetan guztian, banketxeak amaren etxea kendu diola, eta gaur bertan tailerra kontatu du, “orain nire etxebizitza da kendu nahi didatena eta azken ondorioetaraino babestu behar dut nire bizilekua”.
Banketxeen jarrerari, oro har, kritika gogorra: “Salatu egin behar dugu banketxe guztien jarrera kredituak funts putreei saltzen dizkietelako, horiek eskrupulurik gabe familiak etxegabetu ditzaten paradisu fiskaletatik ekiten duten bitartean inongo lotsarik gabe”. Berriro esan du, arduraduna, Sabadell banketxea dela, “berak saldu du lau sosen truke nire kreditua, eta bera da arduraduna”.
Aipamen berezia egin die bizilagunak jasotzen ari den elkartasun keinu guztiei eta bereziki, joan den asteazkenean bizi den auzoan, Gaztañon, bertako auzokideen aldetik jaso zuen bultzada eta hauspoari. Batzar irekia antolatu zuten bertan eta auzo elkarteak eta auzotar ugarik elkartasun eta babes osoa adierazi diote: “Adore injekzioa izan da, ikaragarria. Ez naiz eroso sentitzen, tokatu zaidalako hileta berean hildakoa eta apaiza izatea. Kaltetua naiz, baina baita ekintzailea ere. Auzoko batzarrean auzokideek erakutsi didaten maitasunak on egin dit eta erosoago eta lasaiago nago”.
Banketxearen erantzuna zein izango den badaki, “ezin dela ezer egin”; berak ordea, egin daitekeela dio ziurtasun osoz, “borroka sozial eta politiko oro, finean, tentsio kontua da. Tentsioa igotzen baduzu, presioa igotzen bada, lortuko duzu. Banketxeen praktika mafiosoak salatzea dagokigu, aurre egitea, eta banketxeen irudia kolokan jarri. Horrek min handia ematen die, eta hori da bidea. Atsegin irudia saltzen dute banketxeek, baina bihozgabeak dira”.
Datu bat ere eman du, esanguratsua. Sabadell banketxeak 1.332 milioi euro irabazi zituela iaz jarri du nabarmen, “2022an lortutako irabaziak bikoiztuta. Hori zentimoz zentimo ateratzen dute pentsioen kudeaketatik, nominetatik, merkataritzatik…merkatari txiki askok egiten dituzte beraien kudeaketak Sabadell banketxearen bidez eta horiengana ere zuzendu nahi dut esateko banketxe honek etxegabetzen duela. Merkatari txikiek ere eragin dezakete maila horretan presioa eginda”.
Ez daki zenbat denbora duen aurretik funts putrea bere etxebizitza likidatzera etorri aurretik: “Hemen izango naiz, hemen izango gara, Sabadell banketxearen aurrean salatzen egoera, beraiek direlako arduradunak, eta irtenbide bat eskatzen”. Ildo horretan deia egin die herritarrei kaltetutako bizilagunak, antolatzen dituzten protestei adi egoteko, eta bat egiteko. Beste dei bat ere egin du, momentuz astelehen, asteazken eta ostiraletan ari da protesta egiten banketxe aurrean 11:00etatik aurrera, eta berekin bat egin nahi duten herritarrak ongi etorriak izango direla esan du.