Okil beltzaren atzetik, Arditurrin
Okil beltzaren gaineko hitzaldia antolatu dute hilaren 27an Arditurri Parketxean.
Okil beltza ezagutzeko aukera emango du Arditurri Parketxeak. Izan ere, hitzaldia eta bisita gidatua antolatu ditu hilaren 27rako. Gipuzkoako Foru Aldundiko Aitor Lekuona Alzugarai izango da hizlari eta gidaria ibilbidean zehar. Espezie bereziaren gaineko informazio guztia parketxean bertan eman ostean, ibilaldi laburra egingo dute parte hartzaileek okil beltzen jantokietaraino, aukera balego, hegaztia entzunez eta ikusiz.
Poctefa Habios proiektuan parte hartzen du Lekuonak. Proiektu horren helburua, Pirinioetako mendilerroak hartzen dituen lurralde guztiekin lankidetzan aritzea abifaunaren — eskualde bateko hegazti guztien multzoa— kontserbazioaren basoko habitaten kudeaketaren efizientzia hobetzeko.
Solasaldi eta ibilaldian parte hartzeko aurrez erreserba egin behar da, eta plaza kopuru mugatua dago. Erreserbak egiteko, 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituta egin behar dira.Prezioa 12 urtetik gorakoentzat 6 eurokoa da, eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa. 10:00etan hasiko da jarduera eta bi orduko iraupena izango du. Prismatikoak eramatea aholkatu dute antolatzaileek.