«Nahi duguna da ikasleek teorian ikasitako hori errealitatera eramatea»
Rap doinuak baliatuz, Amaia Oleaga irakasleak ekonomia irakasteko modu berri bat sortu du, 'Ekonomia eta rapa: Ahalduntzeko elkarguneak' proiektu pedagogikoarekin.
Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako elkarrizketa da.
Amaia Oleaga Agesta (Errenteria, 1992) Sopelako (Bizkaia) Ander Deuna ikastolako ekonomia irakaslea da, eta rapa erabili du ikasleei ekonomiarako grina pizteko. Ekonomia eta rapa: Ahalduntzeko elkarguneak izendatu du proiektu pedagogikoa, eta Arcadi Olivares saria jaso du berriki.
Zertan datza Ekonomia eta rapa: Ahalduntzeko elkarguneak proiektua?
Azterketa lan bat egiteko modu gidatu bat da. Azterketa hori egitean, ikasleak derrigortzen ditugu ikustera urte osoan ikasi dituzten kontzeptu ekonomikoek praktikan nola eragiten duten, eta nola islatzen diren. Odei Barrosoren Ze preziotan abestia hartu dugu eredu gisa, kontzeptu asko ukitzen baititu. Barrosok artefaktu artistiko hori egina dauka, eta guk, berriz, hor atzean dagoena errealitate ekonomikora eramaten dugu. Nahi dugu ikasleek teorian ikasitakoa gorpuztea.
Ondoren, esplorazio saio batzuk ere egiten ditugu, niretzat oso garrantzitsua baita dena emozioetatik abiatuz lantzea. Ekonomia gizarte zientzia bat da, gu gizartearen parte gara, eta ekonomia bizitza antolatzeko modu bat da; beraz, zerbait mugitu behar digu. Niretzat, zerbait ikasi eta ulertzeak esan nahi du gai zarela horren inguruko erantzun emozional bat edukitzeko, zerbait eragiten dizulako.
Informazio hori guztia txosten batzuen bitartez jasoko dugu, eta rap tailerretara joango gara. Rap tailerretan, musika estilo hori zer den, nola sortzen den eta abesti bat nola antolatzen den ikasiko dugu, eta ikasleak zerbait sortzera animatu. Hala ere, nahiz eta nik raparen tresna eman, aukera emango diet beste formatu artistikoren bat sortzeko eta emaitza beste formatu horretan entregatzeko.
Arcadi Olivares saria irabazi duzu proiektu horrekin. Nola jaso duzu?
Ikasgelan egiteko asmoa nuen lan hori kalean dago, eta interesa piztu du. Oraintxe bertan txundituta nago. Irakasleon lana askotan sukalde barrukoa da, eta ilusio handia piztu dit bai proiektuari halako arreta jartzeak eta bai halako goxotasuna jasotzeak. Finantzaz Haratago plataformako kideek animatuta aurkeztu nintzen sariketara, haiei esker egiten baititut halako erokeriak. Elkarte horrek bolada bat darama ikasgeletan finantza etiko solidarioa lantzen. Proposamen didaktikoak eta loturak nik egin ditut, baina rap tailerren eskaintza haiena da. Niretzat esker on ariketa bat ere bada hori; izan ere, haiek sinetsi zuten nigan, eta asko mimatu naute. Azkenean atera da, eta horrek ere ilusioa pizten dit.
Nondik otu zitzaizun proiektua garatzeko ideia?
Ez nekien oso ondo nola eraman gelara ematen ari ginen hori. Frustratu samar nengoen, oso trabatua sentitzen nintzen bi talderekin, ez bainuen haiekin konektatzea lortzen. Autoan nindoan, Odei Barrosoren abestia aditu nuen, eta esan nuen neure artean: «Hau da». Ikasleak harrapatu zituen kantuak. Gainera, banekien Finantzaz Haratago taldekoek rap tailerrak eskaintzen zituztela rap abeslariekin, eta horrekin zerbait josiko nuela erabaki nuen. Hortik hasi zen erokeria hau guztia.
Proiektua Odei Barrosoren Ze preziotan abestiarekin osatu duzu. Zer du abesti horrek?
Amorruz egindako deskribapen bat da, eta egileak bere bizipenetatik azaltzen du zer gertatzen den Lapurdin etxebizitza turistikoak eta lurrak turismorako edo aisialdirako erabiltzeren ondorioz. Horren harira, «kontuz» esaten du Barrosok. Natura baliabide bat dira lurrak, bizitzeko beharrezkoak, eta, izugarri garrantzitsuak izanda ere, beharrezkoak ez diren gauzak asetzeko erabiltzen ditugu. Hori da ekonomiaren oinarria: nola asetzen ditugu gure beharrak? Ez dakit Barrosok nahita jo ote zuen ekonomiaren muinera. Horrez gain, Euskal Herriaz eta euskaraz hitz egin dugu gelan, eta ikusi dugu nola ekonomiak eragina duen lurraldean eta kulturan.
Ikasleek nola hartu dute proiektua?
Hasieran, rap abestia eraman nienean, gustatu zitzaien. Jakin-mina ere izan zuten, baita beldurra ere, sorkuntza ariketa bat egitea zaila baita. Normalean ez da halakorik egiten; sorkuntza ariketa bat egiteari arima pixka bat jarri behar zaio. Lanaren zati handi bat horixe izango da: taldean goxotasun eta segurtasun esparru bat sortzea askatasunez sortu ahal izateko.
Ekonomiarako grina piztu nahi duzu ikasleengan. Zergatik?
Ekonomia oso aspergarria izan daiteke, baina ezin da interesik gabeko gai bat izan, eta ezin dut nik aspergarri egin. Horregatik nahi nien jakin-min hori piztu. Niretzat garrantzitsuena da inor interesik gabe ez uztea. Gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu, gehiago edo gutxiago sakontzeko gogoa izango duzu, baina zure bizitzarako oinarri materialak eta zure beharrak nola asetzen diren azaltzen du, baita zure zaintza edota hezkuntza nola antolatzen diren ere.
Oinarriak jarrita, zure proposamenean sakontzen jarraituko duzu?
Aurten lehen aldiz modu egituratuan egingo dut, eta materialak hobetzea gustatuko litzaidake. Nire ideia da baliabide batzuk eskura jartzea, nahi duten irakasleek erabil ditzaten. Euskaraz sortzen ditugun material, proposamen, apunte edota ariketak partekatzea nahiko nuke. Zenbat eta gehiago sortu eta zabaldu, orduan eta kalitate handiagoa izango du ekonomia ikasgaiak hezkuntzan. Irakasle batzuek jada egina dute lan hori, eta niri ere gustatuko litzaidake horrelako zerbait sortzea.
Pozik zaude egindako lanarekin?
Bertigo pixka bat badut, orain arte nire erokeria izan baita. Orain, ikasturtea bukatzearekin batera, martxan jarriko dugu. Nolako arreta piztu duen ikusita, imajinatu emaitza etsigarria bada eta ikasleei ez bazaie gustatzen edota ez badute argi ikusten. Orain beldurtu samar nago, baina ilusioz.