3,9 milioi euroan handituko du aurrekontua udalak gerakinari esker
Iazko exekuzio maila %86koa izan da, eta 2022arekin alderatuta %17 altuagoa izan da inbertsioen atalean.
Aurtengo aurrekontuari 3,9 milioi euro gehituko dizkio udalak agintaldi planak garatzeko, gerakinari esker. Hala jakinarazi du Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Ogasun zinegotziarekin eta Maite Gartzia alkateordearekin gaur eguerdian egin duen agerraldian. Denera 70 milioi euroko aurrekontua izango du udalak aurtengorako, “iazkoa baino %11 handiagoa izango da aurrekontua”. Aurrekontu horren bidez bost erronka handiri erantzun nahi diela udalak gogorarazi du alkateak: “Tokiko ekonomia sendotzea, gizarte babesa indartzea, trantsizio ekologikoan jauzia egitea, hiria berritzeko proiektuak garatzea, eta kultura zabaltzea”.
Gerakina aurreko urteko aurrekontuaren itxierak ematen du, sarrera eta gastuen arteko diferentzia da. Puntu horretan azaldu du Otaegik aurreko urtea “aurrezki garbiarekin eta diruzaintza gerakin positiboarekin” bukatu duela udalak. Horrekin batera, Udalak Finantzatzeko Gipuzkoako Foru Funtsaren iazko likidazioa eginda aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 292.819,34 euro gehiago, eta Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak finantza erakundeei eta energia enpresei ezarritako grabamenetatik 373.615,59 euro jasoko dituela Errenteriako Udalak erantsi du alkateak. Horiekin guztiekin osatu du orain aurrekontuari gehitu dion gerakina.
Argazki orokorrago bat ere egin du Otaegik eta datuak eman. Hala, 2023ko aurrekontuaren exekuzio maila ia %86koa izan dela azaldu du, “2022an baino %2 handiagoa”. Inbertsioen atalean exekuzio maila berriz, 2022an baino %17 handiagoa izan da iaz. Agintariaren esanetan horrek udal gobernuak diru publikoa modu “eraginkorrean” kudeatzeko zein “proiektu garrantzitsuak” martxan jartzeko duen gaitasuna erakusten du.
Gerakinaren bidez bultzatuko diren proiektuak zeintzuk izango diren azaldu du ondotik alkateak. Zati handi-handi bat, 2,8 milioi zehazki, Agintaldi Planeko proiektuak garatzera bideratuko dute, “bereziki inbertsioak egitera”. Tokiko ekonomia sendotzera bideratuko dute beste diru zati bat eta %10 haziko da garapen ekonomikorako aurrekontua. Trantsizio ekologikoa bizkortzeko, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak sustatzera 600.000 euro gehiago bideratuko ditu udalak, bestalde.
Mugikortasun iraunkorra bultzatzeko ere diru zatia gehitu du gerakinetik udalak, eta zehazki, 656.000 euro gehiago bideratuko dituzte igogailuen mantenua hobetu —Sorgintxulo Basanoagarekin lotzen duena eta Parke kalea Galtzaraborda hiribidearekin lotzen duena—, eta Altzateko disuasio aparkalekuaren proiektua idazteko.
Hiri mantenuko proiektuak indartzera 766.000 euro bideratuko ditu udalak, besteak beste, Gabierrotako egurrezko zubia berritu eta landa eremuko etxeetan ur hornidura bermatzeko lehen bi faseen proiektuak idazteko. Kulturara ere bideratuko dute gerakinaren parte bat. Horren barruan, Ahotsaren eta Musikaren Etxeko proiektua idatzi eta kultur programazioa sendotzeko baliatuko dute aurrekontu gehikuntza.
Guztiak, gobernu taldearen “kudeaketa egokirako” eta “inbertsio garrantzitsuak” egiteko gaitasuna agerian jartzen duela erantsi du Otaegik, “aurrekontua modu egokian kudeatzeko ahalmena badugula”.
Hori, gobernu taldearen proposamena; hurrengo asteartean eztabaidara eramango dute udalbatzaren osoko bilkurara.