Irene Sagarzazu eta Oiasso Kamerata, Lesoinuri hauspoa emateko
Lesoinuren egitarauaren zubi bezala, harizko instrumentuekin gozarazten duten musikarien kontzertua jasoko du Gezalak larunbatean.
Martxoan egin zituen urrats gehien XXXVIII. Lesoinuk, Lezoko Aste Pedagogiko eta Musikalak. Maiatzean izango dute jarraipena Tomas Garbizu Musika Eskolak eta Lezoko Udalak elkarlanean antolatzen duten musika eta sormen zikloko jarduerek. Baina bi aroen zubi bezala, asteburu honetan, zehazki larunbatean (hilak 27), kontzertu berezia izango da Lesoinuren barruan: Irene Sagarzazu biolin jotzaileak eta Oiasso Kameratak emanaldi berezia egingo dute Gezala Auditoriumean, 19:00etan.
Oso gaztea izan arren (2006an jaio zen), Irene Sagarzazu irundarrak bide luzea egina du biolina ikasten nahiz ikasitako hori agertokietara eramaten. Bost urte zituela hasi baitzen instrumentu horrekin. Egun, besteak beste, Musika Ikasketa Profesionaleko azken ikasturtea osatzen ari da, eta Tomas Garbizuko Raffaella Acellaren ikasle da. Adibidez, Euskal Herriko Gazteen Orkestraren parte izan da zenbaitetan. Izen handiko kontzertu eta jaialditan jo du.
Oiasso Kamerata Irungoa da, 2014an sortua Raffaela Acellaren laguntzarekin. Esperientzia musikalak partekatzen ditu hari instrumentuekin gozarazten duen taldeak, eta ziklo eta jaialdi aldetik, esperientzia oparoa dute, toki askotan jo dute. Bakarlariekin ere lan egin dute, eta operak ere interpretatzeko gai dira. Tomas Ruti Vilar dute zuzendari.